Krisi ekologikoaren inguruko mintzaldia egin du Baztango Talde Ekosozialak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 26a, 18:00

Krisitik ateratzeko aberastasunaren banaketa eta ekologismoa aldarrikatu zituen Iñaki Barcena irakasle katedradun eta ekologistak

Baztango Talde Ekosozialak Idorteen, suteen, alimaleko beroen garaian… ekologia gehiago mintzaldia antolatu zuen joan den ortziralean Elizondoko Arizkuneneko sabaian. Iñaki Barcena EHUko irakasle katedraduna eta mugimendu ekologistako kideak «oraingo egoera ulertzeko gakoak» eman zituen.

Alde batetik, «muturreko egoera eta aldaketa klimatikoak historian eman izan direla erran zuen, baina orain gertatzen ari dena gizakiengatik dela, antolamendu sozial jakin batengatik. Antolamendu horren oinarri kulturalak ez du onartzen gizakiak naturaren parte direla eta ekodependentzia dagoela. Halaber, ez du onartzen planeta mugatua dela eta balidabideak ere bai: erregai fosilak, mineralak… Horrela, mendebaldeko herrialdeetan prometeismoaren kulturan hazi gara, pentsaturik zernahi gainditu dezakeela gizakiak antolakuntza sozialarekin eta teknologiarekin, biologiatik bereizirik».

Ekologismoa «mugimendu soziala dela» azaldu zuen, «gizakiaren eta naturaren arteko harremana orekatu nahi duena, prometeismoaren gainetik. Hala, une honetan zientzialarien eta ekologisten arteko aliantza baten hasmentan gaudela aipatu zuen, zientzialarien azterketa sakona eta ekologisten kritika sistemikoa elkartzen dituena gertatzen ari dena azaltzeko».

Honez gain, «krisi ekologikoaren larritasunaren eta herritarren pertzepzioaren artean dagoen arrailduraz» ohartarazi zuen, eta «ekologisten ardura dela ilusioa transmititzea gauza ttiki egingarriekin, kolapsoa noiz etorriko denaren inguruan koropilatu gabe, etsipenean».

Krisiaren azterketan sakonduz, «aipatu zuen krisi guztiak aldaketarako aukera direla, eta krisia ere negoziorako erabiltzen dutela batzuk, Iberdrolaren irabaziak gogora ekarrita. Horrela, ikuspegi ekologistatik gizarteko asimetriak ikusarazi beharra aipatu zuen, denek ez dutela ardura bera krisi ekosozial honetan, ez sortzerakoan, ezta bideratzekoan ere. Eta guzti honetatik aprobetxatzen ari direnak seinalatu behar direla. Halaber, aberastasuna banatu behar dela eta ekologismo gehiago ere behar dela; hau da aberastasuna planetaren mugen barnean sortzen ahal den hori bakarrik izaten ahal dela».

Euskal Herrira etorrita, «gure energiaren eta jatekoen %90 kanpotik heldu dela erran zuen. Eta nahi edo nahi ez guttiagotze aldira gozalea eta hemendik hamar urtera Petronorrek ez duela zentzurik izanen. Hortaz, garai horretarako antolatzea funtsezkoa da, duin bizitzeko. Eta horretarako galdera dirak, nola antolatu gure sistema energetikoa? Zer da egiazki beharrezkoa? Nola aurrezten ahal da?»

Azkenik, aipatu zuen «ekologismoak egindako aurrikuspen guztiak zoritxarrez betetzen ari direla, eta oraingo egoera joan den mendeko 30. hamarraldiarekin konparatu zuen, krisi sakonean, gizartea tenkatu eta polarizatzen dela ohartaraziz. Baldintza horietan aberastasunaren banaketa eta ekologismoa aldarrikatu zituen, mugatua den planetan honetan».

Mintzaldiko sar hitza Gorka Laurganak egin zuen, Baztango Talde Ekosozialeko kideak, eta heldu den asteburuan Portugaleten eginen den Ekotopaketaren berri eman zuen. Topaketak, «alde batetik, krisi ekosozialaren kezka erdigunera ekarri nahi du eta bertze aldetik, Euskal ekologismoari buruzko gogoeta egin, tresna berria behar ote den galderari erantzunez». Ekotopaketetarat joateko gonbidapena egin zien herritarrei.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun