Baztango Udalak 53.752,54 euroko inbertsioa egin du nekazaritzako azpiegituretan uztailean eta abuztuan. Lanak Oiartzungo Berdabio enpresak egin ditu eta hauek dira aipagarrienak:
- Erratzuko Azkarate auzoan kanadar ateka eta 110 metroko hesia egin dute Oiara bordaren ondoan. «Aspaldi da Gorramendin aziendak kontzen dituzten nekazariek eskaria egina zutela, gainbeheran errepiderat sartzen baitziren aziendak, Erratzu eta Bozate alderat».
- Belaten bertze kanadar ateka egin dute Donamaria aldera. «Lehengo ateka maiz irekirik gelditzen zen, aziendak bidera ateraz. Kanadiar gisako atekarekin arazoa saihestuko da». Putzualdean ere aska berria egin eta ingurua hetsi dute, «ingurura animalia basak sartzen baitziren, bazterrak urdetuz eta kutsatzeko arriskua sortuz».
- Erdizko Larrakarteko iturburuan sasiak garbitu eta hetsi egin dute aziendak ez sartzeko. Gainera, bainuontzi zaharra kendu eta aska berria paratu dute.
- Otsondon errepide bazterreko iskindegia berritu dute Punpulusta aldera eta bi ateka berritu dituzte. «Helburua aziendak errepidera ez sartzea eta istripuak sahiestea izan da»