Baztango Talde Ekosozialak Idorteen, suteen, alimaleko beroen garaian… ekologia gehiago! solasaldia antolatu du irailaren 23an 19:30ean Elizondoko Ahaztuen plazan (Fantxike ondoan). Euri eginez gero, Arizkunenera mugituko dute jarduera. Mintzaldia Iñaki Barcenak emanen du, EHUko irakaslea eta mugimendu ekologistako kidea.
Taldeak adierazi duenez, «aspaldi da klimaren aldaketaz ohartarazten gintuztela zientzialariek eta mugimendu ekologistako kideek. Eta aspaldi da ere etengabeko hazkundean oinarritzen den sistema kapitalistaren bideraezintasunaz ohartarazi gintuztela, berotegi efektuko gasen isuria murriztea beharrezkoa zela erranez.
Urteak joan urteak etorri, ohartarazpenei kasurik egin ez, eta orain alimaleko beroak, idorteak, suteak... bizitzen ari gara eta horrek herritarren artean alimaleko kezka eta zirrara piztu du geroari buruz. Horri, energiaren krisia gehitu behar zaio, bioaniztasunarena... Testuinguru horretan, oraingo erronka handiei erantzuna ekologia sozialetik etorriko dela argi dago. Horrela, herritarren oraingo kezketatik tiraka gure munduan gertatzen ari diren sakoneko joerez, geroaldiaz eta alternatibez mintzatuko zaigu Iñaki Barcena.