Urtarrilaren 3an Baztango Batzar Nagusiak Magnak Erdizen egin nahi duen meategiari buruzko galdeketa egitea erabaki zuen, galdera hurrengoa izanda: Erdizko herri-bazkalekuaren okupazioa Magnari baimentzearen alde zaude? BAI/EZ/ZURI. Otsailaren 25ean galdeketa egiteko tramitea hasi zuten eta ereiaroaren 21ean Espainiako Gobernuak baimena ez ematea erabaki zuen, «galdeketaren gaiak tokiko maila gainditzen zuelako».
Uztailaren 29an Erdizko UGEP proiektua erregistratu zuen Magnak Nafarroako Gobernuan, baita proiektua Foru Intereseko Inbertsio izendatzeko eskaera ere. Baztango erakundeek argi dute «ez dutela inposiziorik onartuko eta ez dutela Udalez Gaindiko Eragina duen Planik (UGEP) onartuko. Meategiaren gaia eztabaida gardenarekin eta herritarren erabaki hartzearekin bideratu nahi dute; demokrazian sakonduz».
Horregatik, «indarrean dagoen araudia kontuan hartuz eta galdeketa ez-errefrendarioak egiteko legeak uzten duen aukera baliatuz», herritarren iritzia ezagutzeko herri galdeketa egitea erabaki du Batzar Nagusiak atzo egindako ez ohiko bilkuran. Proposamenak aldeko 24 boto, Almandozko eta Zigako alkateen abstentzioa eta Navarra Sumaren kontrako hiru boto izan ditu.
Galdeketa egitea onartzeaz gain, galdeketaren alderdi teknikoez eta azpiegituraz udaletxea arduratuko dela hitzartu dute (papeletak, erroldak, mahaiak, bozketa tokiak…), baita herritarrak galdeketan parte hartzeko kanpaina antolatuko dela eta gaiari buruzko eztabaida publiko bat guttienez eginen dutela, «alde guztiak gonbidatuz».
Herri galdeketa urriaren 23an eginen da; «Magnak UGEP proiektua aurkeztu ondotik lau hilabeteko epean erantzuna eman behar du Nafarroako Gobenuak. Hortaz, epe horren barnean herri galdeketa egitea beharrezkoa da, Nafarroako Gobernuak baztandarren iritzi eta erabakiaren berri izan dezan». 18 urtetik goitiko herritarrek parte hartzen ahalko dute, betiere Baztango bizilagunak izan badira urte bat lehenagotik guttienez. Mahaian NANa, pasaportea, egoitza txartela, gidabaimena edo EHNA aurkezten ahalko da eta mahaiko arduradunak erroldatuen zerrenda ziurtatua erabiliko du.
Bozketa 09:00etatik 20:00etara eginen da eta bailarako herri bakoitzak parte-hartze gela bat izanen du:
- Almandoz: Herriko eskolan
- Berroeta: Batzar-tokian
- Aniz: Batzar-tokian
- Ziga: Herriko eskolan
- Irurita: Herriko eskolan
- Arraioz: Herriko eskolan
- Oronoz: Herriko eskolan
- Gartzain: Herriko eskolan
- Lekaroz: Herriko eskolan
- Elizondo: Arizkunenea kultur etxean
- Elbete: Batzar-tokian
- Arizkun: Herriko eskolan
- Azpilkueta: Herriko eskolan
- Amaiur: Herriko eskolan
- Erratzu: Herriko eskolan
Parte-hartzaile bakoitzak erroldatua dagoen herrian bozkatu beharko du. Galdera ondokoa izanen da: Magnak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuaren alde zaude BAI ala EZ?. BAI, EZ edo ZURI bozkatzearen aldeko borondatearen inguruko inolako zalantzarik sortzen ez duten boto-txartel guziek balioko dute. Herrietako alkateak izanen dira parte-hartze mahaietako arduradunak. Bi bokalak, berriz, borondatez aurkezten diren herritarren artean zozketa eginez osatuko dira.