Baztango Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Hondakin Sailak elikagaien xahuketaren aurkako ekimena abiatu dute Baztango Talde Ekosozialarekin eta merkatari batzuekin elkarlanean.
Joan den urtean Nafarroako Gobernuko Hondakinen Funtsari esker hozkailu-izozkailu bat erosi zuen udalak, «hondakinen prebentzio bultzatu eta Gizarte Zerbitzuetako erabiltzaileei elikagai bankuak eskaintzen zituen ohiko elikagaiez gain janari freskoak banatzen hasteko intentzioz». Proiektua Elizondoko Barrutia 12 harategiarekin hasi zen iaz eta «zaborretara joatekoak ziren kilo batzuk aunitz eskertu zuten familia batzuen bidez probestea lortu zen».
Duela hilabete batzuk Baztango-Ze goxoa fruta-dendak ekimenarekin bat egin zuen, eta Baztango Talde Ekosozialak martxan paratu duen baratze kolektiboko soberakinekin batera, hilabete batean «200 kilo pasa janariren xahuketa saihestu dela» adierazi dute. Ekimenak, «hondakinak murrizteaz gain, errenta baxua dela eta egunerokoan produktu freskoak eskuragarri ez dituzten familiei elikagai osasuntsuak kontsumitzeko aukera ematen die». Hondakinen prebentzioak uraren eta energiaren kontsumoa eta kutsadura murrizten laguntzen du.
Baztango Udalak eskerrak eman dizkie Barrutia 12 harategiari, Baztango-Ze goxoa fruta-dendari eta Talde Ekosozialari ekimenean parte hartzeagatik eta «janaria xahutzen duten gainerako establezimendu eta erakundeak (komertzio, ikastetxe, zahar etxe, jatetxe, etab.)» ekimenarekin bat egitera animatu dituzte.