'Hil arte bizi' tailerra aurkeztuko dute irailaren 20an Baztango Liburutegian

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 14a, 17:00
freepik.com

Herritarrek heriotzaren aurrean dituzten eskubideak ezagutzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko helburua du tailerrak

Baztango Udalak 'Hil arte bizi' tailerra antolatu du, «egungo gizartean heriotzaren gaia naturalizatu eta gai honen inguruan herritarrak ahalduntzeko asmoz». Tailerrari buruzko azalpen eta zehaztasunak emateko, irailaren 20an, heldu den asteartean, aurkezpen solasaldia eginen dute Baztango Liburutegi Publikoan 18:00etan.

Guztira zortzi saio izanen ditu tailerrak eta bertan «heriotzaren aurrean herritarrek dituzten eskubideak ezagutzera eman, gogoeta bultzatu eta hartu ditzaketen eta hartzea komeni diren erabakiak hartzen lagunduko zaie». Gaiak «modu errazean» landuko dira; «heriotzari diogun beldurra zeharkatu daiteke, eta heriotzaren inguruan naturaltasuna lortuz gero, hobeto bizi gaitezke». Tailerra ez da doluan daudenendako egokia izanen.

Nere Erkiaga da egitasmoaren sortzailea eta tailerra bideratuko duena. Tanatologian, parte-hartze dinamikan eta kultur transmisioan aditua da Erkiaga. Informazio gehiagorako eskuragarri dago 644 126 091 telefono zenbakia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun