Autokide autoak elkarbanatzeko plataforma baztandar guzien eskura dagoela oroitarazi du udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 8a, 20:00

freepik.com

Autoak elkarbanatzea krisi energetikoari aurre egiteko modu bat dela adierazi du

Duela urte batzuk Baztango Udalak Autokide plataforma abiatu zuen, autoa partekatu ahal izateko zerbitzu telematikoa. Autoan egiten diren joan-etorriak elkarrekin egitea du helburu, ibilgailuen jabeak eta bidaiariak gurutzatuz. Orain, «krisi energetiko bizian», plataforma baztandar guzien eskura dagoela oroitarazi nahi izan du udalak.

Zerbitzua erabili ahal izateko autokidebaztan.compartir.org webgunean erregistratu behar da. Norberak egin nahi duen bidaiaren idurikoak agertuko dira bertan, posta elektronikoaren bidez harremanetan jartzen izena eman duten pertsonekin. Haien lehentasunak zein diren, autorik duten ala ez eta bidaiaren arrazoia zen den erakutsiko dute, bertzeak bertze, autokideak errazago topatzeko. Mezu elektronikoa uzten ahalko zaie bidaia partekatzeko egokiak diren pertsonei, berehala eta bitartekaririk gabe.

Baztandarrei zerbitzu hau eskaintzean, «joan-etorrietan bertze aukera bat ematen zaie, iraunkortasuneko neurriak kontuan izanez mugigarritasunean». Gainera, «ibilgailu pribatuek sortutako energiaren kontsumoa eta kutsadura gutitzea dakar eta eremu publikoaren erabilera hobetzea».

Azkenik, udalak gehitu du «azkeneko hilabeteetan gasolinaren prezioa igaten ari dela, iduriz, gorakada espekulatibo batengatik. Petrolio gehien atera zitekeen muga 2008an gainditu zen eta, geroztik, erauzketa kurbak gainbehera gora-beheratsua hasi du».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun