Ortziralean hasi ziren bestak, 12:00etan. Aiora Arraztoak, Olatz Vergarak, Uxue Vielak eta Olaia Gamiok bota zuten altxaferoa herriko alkatearen laguntzarekin, hauek izan baitziren herriko programan erabili ziren marrazkien egileak. Ondotik, herriko haurrek margotze lanetan aritu ziren. Eguneko protagonista nagusiak haurrak izan ziren, beren eguna baitzen. Ilunabarrean aldiz, frontoian, baztan zopak izan ziren. Aurtengoan arrakasta handia izan dute. 170 lagun zeuden afaltzen eta zopak herriko talde batek prestatu zituzten.
Larunbatean mus txapelketa izan zen herriko elkartean. Irabazleak Abi eta Mikel izan ziren. Bigarrenak Maria Helen eta Enkarna; hirugarrenak Joselu eta Beñardo, eta laugarren Dani eta Irune. Aldi berean, herriko ttikiek beren datza emanaldia egin zuten. Emanaldi polita eskaini zuten. Ondotik, tortilla patata eta postre lehiaketa izan zen. Ekitaldi honetako irabazleak Carmen eta Lilian izan ziren.
Igande goizean, berriz ere, herriko haurrak protagonistak izan ziren. Erraldoien bisita izan genuen eta herriko auzoetatik dantzan ibili ziren. Arratsaldean aldiz, Grand Prixaren itzulera ikusteko aukera izan zen. Jende aunitz bildu zen eta proba politak ikusteko aukera izan zuten. Ondotik, Erramun Martikorena eta Joxe Angelen emanaldi ederrarekin akabaila eman zitzaion egunari.
Gaur astelehena, azken eguna, zikiro jatea dugu. Honekin bestei aio erranen zaie hurrengo urtera arte.