'Baztango emazteki* eta gizonen* berdintasunerako II. plana' onartu du Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko ira. 2a, 13:00

Plana ahoz batez onetsi zen uztailaren 21eko osoko bilkuran

Baztango Berdintasun Zerbitzuak 'Baztango emazteki* eta gizonen* berdintasunerako II. plana' abiatu du, 2022 eta 2026 bitartean indarrean egonen dena eta emazteki eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortzea helburu duena.

2021-2022 bitartean egin zen I. plana, eta bertatik lortutako ondorioak eta datu estatistikoak erabili zituzten Diagnostiko Txostena egiteko. Planaren helburua Baztanek berdintasunaren alorrean dituen erronkak identifikatzea zen, eta horretarako kontraste prozesua egin zuten herriko mugimendu feministarekin, udal teknikariekin, hainbat emakume talderekin eta ordezkari politikoekin. Orain, analisi horretatik ateratako informazioaz baliatu dira II. plana sortzeko.

II. planak 50 ekintza proposatu ditu, lau lan-ardatzetan banatuak, eta 15 helburu biltzen ditu. Hauek dira lau lan-ardatzak: genero ikuspegia txertatzea udalaren jardueran (13 ekintza), emaztekien kontrako indarkeria matxista (9 ekintza), ekonomia zaintzaren ikuspegitik (14 ekintza) eta berdintasuna kontsolidatzeko rol eta estereotipoak aldatzea eta emaztekiak ahalduntzea (14 ekintza). Ekintza bakoitzeko egutegia zehaztu dute, baita jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak ere.

Honez gain, Berdintasun Zerbitzuak diagnostikoa eta plana osatzen lagundu duten eragile guziei eskerrak eman dizkie; «eztabaida taldeetan, elkarrizketetan, etab. aritu diren elkarte eta herritarrei, baita udaleko arduradun politikoei eta teknikariei ere. Denon artean, Baztan berdinzaleago, zuzenago eta jasangarriago bat eraikiko dugu».

Berdintasun plana eta informazio osoa eskuragarri daude baztan.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun