Iruritako historia, natura eta etnografia ezagutzeko bisita gidatua eta ibilbidearen aurkezpena eginen dute larunbat honetan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 29a, 18:00

Larunbat honetan, irailak 3, bisita gidatua antolatu dute. Hitzordua goizeko 10etan finkatu dute eta Iruritako Plazatik abiatuko dira. Ordu eta erdi beranduago, 11:30ean, Iruritako kultura, paisaia eta etnografia hobeki ezagutzeko balioko duen Ibilbidearen aurkezpena ere eginen dute Artxeko kisulabean.

Panelak eta seinaleak paratu dituzte herrian barrena. Argazkian Iruritako Plazan paratu duten informazio panela muntatzen

Oinez edo bizikletaz egiteko bi ibilbide

Iruritako Herriak bultzatuta eta Baztango Udalaren laguntzarekin prestatu duten ekimen honekin, baliabide turistikoak hornitu eta aberasteaz gain, Iruritako eta inguruko historia, natura, paisaia eta ogibideak erakutsi nahi dira.

Horretarako bi ibilbide prestatu dituzte, zortzi panel ikusgarrirekin (ilustrazio ederrak, azalpenak hiru hizkuntzetan eta bertze hainbat informazio interesgarrirekin) eta bide-seinaleekin ibilbidearen puntu batetik bertzera gidatzen dutenak. Pello Iriartek, Iruritako alkateak, kontatu digunez, «zirkularra den ibilbidean barrena buelta osoa egiteko ordu eta erdi edo bi ordu beharko dira». Zirkularra den ibilbideak (3,3 km) herria bera eta bertan dauden plazak, dorrea, jauregiak, ferrategia, kisulabeak errota eta bordak ezagutzeko aukera ematen du. Bigarren ibilbideak (1,3 km), lineala, joan-etorria bide beretik egitea proposatzen du, eta Ibur errekaren bazterrean dauden errotak ezagutzeko aukera ematen du. «Ibilbide hau etorkizunean eginen den bide berdearekin lotzeko aukera emanen du» azaldu digu Iriarte alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun