Nafarroako Konkistari buruzko liburua argitaratu du Pedro Esarte elizondoarrak

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 27a, 09:00

Relato Sociológico de la Conquista de Navarra 1512-1524, XVI. mendeko prozesu zibilen bidez lortutako informazioarekin, konkistaren historia birkontatzen du Esartek

Pedro Mari Esartek Relato Sociológico de la Conquista de Navarra 1512-1524 liburua argitaratu berri du. 1978 eta 2001 urteen bitartean Nafarroako Artxibo Orokorrean egin zituen ikerketen emaitzak biltzen ditu liburuan, eta bertze historialariek gaiari buruz errandako gezur eta akatsak zuzentzea bilatzen du. Ezagutzen dugun Nafarroako konkistaren kontaketa gezurtatzen du, XVI. mendeko prozesu zibilen bidez lortutako informazioarekin benetan gertatutakoa kontatzen saiatuz.

Harakina ofizioz, historialaria afizioz

Baztango historiari, politikari eta kulturari arras lotua dagoen pertsona da Pedro Mari Esarte Muniain (Elizondo, 1936) eta Nafarroako eta Baztango historiaren aztertzaile nagusietakoa da gaur egun. Bertako historiari buruzko 30 liburu eta publikazio baino gehiago idatzi ditu; Nafarroako Artxibo Orokorrean ikertzen emandako milaka orduen emaitza zuzena.

Ttikitatik etxeko harategian egin izan du lan Esartek, eta kontrabandoan ere lagundu zuen harategiko kamionetaz baliatuz. Elizondoko alkatea izan da bi aldiz, baita udaletxeko zinegotzia ere, eta eragin handia izan du bailarako politikan eta historian. Azpimarratzekoa da bere lanetan Baztango historiari egindako ekarpenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun