Uda giroa

Giro ederrean joan dira aurtengo Amaiurko bestak

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 24a, 11:00

Gainerako herrietan bezala, amaiurtar guziek esperoan egon garen besten itzulera izan zen joan den astean

Testua: Ane Goienetxe

Igandean arratsaldeko zortzietan botatako suziriaren ondoren, herriko frontoia bete eta baztan zopekin hasi ziren bestak. Hiru urteren ondotik berriz ere herriko frontoia eta plaza bete ziren abuztuaren 14an.

Hurrengo egunean batzuk oraindik gaupasaz segitzen zuten bitartean bertze aunitzek egunari hasiera eman zioten. Goizean goiz Artxeko zelaia aziendaz eta plaza artisauez eta gasna txapelketako partaideez beteta, bisitari aunitz hurbildu ziren herrira. Goizeko feriak arratsaldeko artzain txakur txapelketarekin izan zuen jarraipena. Hemen Euskal Herri osoko 11 artzain elkartu eta ikuskizun ederra eman zuten. Egun jendetsuari bukaera emateko, herriko plazan kirola eta musika izan genituen, gaua gehiegi luzatu gabe.

Asteartea haurren eguna bazen ere, ilunabarrean adin guzietako herritarrak plazan elkartu eta paella txapelketa egin zen; arras goxoak denak! Afal ondoan Bizphiru Pelau taldearekin giro ederra sortu zen plazan. Honekin bukaera eman zitzaion besten lehenbiziko zatiari. Asteazkenean auzolana egin eta ortzegunean euri artean berriz ere indarrak hartu ondotik, ortziralean eguzkia atera eta gazte egunekin segitu zuten bestek.

Bai ortzirale eta baita larunbatean ere, goizetik goizaldera arte izan zen giroa herriko plazan. Tartean aipatzekoak, ortziralean elektrotxarangarekin, haur, gazte eta helduak elkartuta herrian sortu zen giroa, baita gaueko kontzertuetan izandakoa ere. Eta nola ez, larunbateko zikiro jatean sortutakoa. Plazak itxura ederra hartu eta giro pollitean eman genien bukaera amaiurtarrek 2022ko bestei.

Besta batzordetik esker mila egun hauetan Amaiurrerat hurbildu zareten guziei, eta nola ez, esker mila eta zorionak egun hauek aitzinerat ateratzen lagundu duzuen herritar guziei!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun