Uda giroa

Arraiozko bestetako otorduetako txartelak ortzegunetik aitzinera salduko dituzte

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 23a, 16:00

Irailaren 2tik 5era ospatuko dituzte bestak Arraiozen, eta Baztan Zopetako eta zikiro jateko txartelak ortzegunetik aitzinera Arraiozko Batzartegian salduko dituzte. Abuztuaren 30etik aitzinera erosten dutenek, berriz, txartel bakoitzeko bortz euro gehiago ordaindu beharko dituzte.

Irailaren 2ko eguerdian botako duten txupinazoarekin hasiko dituzten aurten Arraiozko bestak, eta hortik aitzinera, lau egunez, ekitaldi ugari izanen dituzte, eta tartean, hainbat otordu. Lehendabiziko egunean, erraterako, irailaren 2an, Baztan Zopekin otordua eginen dute Tukutuku Txarangak girotuta. Eta hondarreko egunean, irailaren 5ean, zikiro jatea eginen dute Hauspolariek musika taldearen doinuek lagunduta.

Bi hitzordu horietara joateko txartelak ortzegunetik astelehenera, abuztuaren 25etik 29ra, 20:0etatik 22:00etara salduko dituzte Arraiozko Batzartegian; Baztan Zopetako txartelak 25 eurotan eta zikiro jatekoak 30 eurotan. Abuztuaren 30etik aitzinera txartelak erosteko aukera ere izanen da, baina txartel bakoitzeko bortz euro gehiago ordaindu beharko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun