Herriz Herri txapelketako finalistak erabakiko dira abuztuaren 20an Burlatan

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 18a, 09:00
Basaburuako taldea finalerako sailkatzeko azken aukera izanen du larunbatean Burlatan.

Maila nagusian Basaburua eta 21 urtez beheitikoan Igantzi lehiatuko dira

Talde nahikorik ez zelako Nafarroako Herri Kirol Federazioak 2018tik ezin izan du Herriz Herri txapelketa antolatu. Aurten, berriz, bi kategoriatan banatu behar izan dute, absolutua eta 21 urtez azpikoa. Bietan ari dira eskualdeko taldeak eta eskualdean jokatu dituzte orain arteko hiru jardunaldiak: uztailaren 25ean Elizondon, uztailaren 31n Beran eta abuztuaren 15ean Etxalarren. Abuztuaren 20an, larunbatean 19:00etan Burlatan, Araxes, Basaburua eta Berriozar ariko dira. 21 urtez beheitikoak ere ariko dira.

Maila absolutuan, finalera sailkatzen diren lau taldeak eta 21 urtez beheitiko lau taldeak ariko dira abuztuaren 27an Añorben jokatuko den finalean.

Egin beharreko lanak

Maila absolutuko txapelketan bi proba konbinatu izanen dituzte. Lehen proba konbinatua mistoa izanen da eta lokotx biltzen, zaku lasterketan, aizkoran, korrika eta arpanarekin aritu beharko dute. Jardunaldi bakoitzean guttienez arpanlari bat eta korrikalari bat emakumezkoa izan beharko du. Aizkolaria gizonezkoa bada, ezin du lehen mailakoa izan. Jardunaldiren batean emakumezko aizkolari bat aritu behar badu, aitzineko astelehenean Federazioari jakinarazi beharko dio taldeak, egurra txikiagoa eskatzeko.

Bigarren proba konbinatuan bi kirol izanen dituzte, txinga-eramatea eta ingude altxatzea. Emakumezkoen parte hartzea libre uzten da. Txinga-eramaten gizonezkoek 50 kiloko txingekin lehiatu beharko dute eta emakumezkoek 25 kilokoekin, sei plaza ahalik eta azkarren egiten. Ingudeak, berriz, 18 kilokoak izanen dira gizonezkoetan eta 9 kilokoak emakumezkoetan, minutu bateko lanetan biak.

21 urtez beheitikoetan Igantzi

21 urtez beheitiko kategorian Igantzi izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta Araxes, Antsoain eta Berriozar ere lehiatuko dira. Hiru jardunaldi izanen dituzte: uztailaren 25ean Elizondon, abuztuaren 20an Burlatan eta abuztuaren 27an Añorben.

Lokotx biltzen, zaku lasterketan, txinga eramaten, korrika eta arpana mistoan aritu beharko dute. Arpanan ez ezik, bertze modalitateren batean ere emakume bat aritu beharko du gutxienez jardunaldi bakoitzean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun