GUTUNA: Giltzarik ezin aurkituta

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 17a, 15:00

Imanol Ibaibarriaga irakurleak gutun hau bidali du TTIPI-TTAPAra eta ondoko hausnarketa partekatu nahi izan du gainerako irakurleekin.

Normalean “Irakurleak mintzo” atalean irakurleak bere iritzia lau haizetara zabaldu nahi du gainontzeko irakurleak jakinaren gainean egon daitezen duen kezkaz, horrela konponbiderik izan lezakeen arazoren bat eztabaidagai bihurtu liteke, eta idatzitako kartak bere eraginez argitxoren bat piztu giltzarik ezin aurkituta dabiltzanei. Azken batean, irakurleak gara aldizkaria egiten dugunok, irakurlerik gabe ez legoke aldizkaririk. Nik, neure zulotik idazten ari natzaizun irakurle, nire esker ona luzatu nahi dizut: hasteko euskaraz irakurtzen zaudelako, bigarrenez ulertzen ahalegintzen ari zarelako zer demontre erran nahi dudan, eta hirugarrenez akitu arte jarraituko duzulakoan idazten segitzen dudalako.

“Irakurle atala”, “Zuzendariari gutuna” atalarekin lotzen dut, beraz izenburu bat paratu beharko diot akitzean (ume nintzela lehendabiziz titulua eta gero testua idatzi behar zela uste nuen) eta ondoren nire izen abizenak eta NANa paratu. Izenburua, idatziaren garapena eta izen abizenak karneta eta guzti eta ezer erratekorik ez, hau da marka, soilik euskara erabiltzearen plazerra. Baten batek pentsatuko du eskribitzen ari naizenak ez duela ez buru ez hankarik, baina euskara erabiltzeko arrazoiren bat behar da ala? Naturaltasunez, berez ateratzen zait niri eta berezkotasun honi gorazarre egin nahi diot, zeren ezer apartekorik kontatzeko izan gabe, zuk euskaraz irakurtzeko ohitura duzun horrek irakurri nauzu, besterik barik. Denbora pasa kuriositatez hasieran, esfortzuz gero eta harriduraz akitzean; besterik gabe, ezer errateko aparteko barik euskaraz aritu gara lagun, eta ez da gutxi, zeren erabileraren plazerra da hizkuntzaren giltzarik aurkituta ezin gabiltzanoi etorkizunaren ateak ziurtatuko diguna, ala ez? Auskalo, erabili eta disfrutatu.

Imanol Ibaibarriaga Urkiri

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun