Uda giroa

400 ardi eta hamaika artzain zakur espero dituzte astelehenean Amaiurko Artzain Egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 14a, 09:00

Euskal Herriko hamaika artzain eta ardi zakur onentsuenak etorriko dira astelehenean Amaiurrera.

Horretaz gain, zaldiak eta behiak ere izanen dira, baita gasna lehiaketa ere

Abuztuaren 15ean  ospatuko dute Amaiurren Artzain Eguna. Astelehenean 10:00etan Baztan-Bidasoko XVIII. ardi erakusketa eta lehiaketa, ardi gasna lehiaketa eta artisauen erakusketa eginen dute. Denera 400 ardi baino gehiago espero dituzte eta mutur gorri eta mutur beltz lote onenentzat sariak izanen dira. Zaldi eta behien erakusketa ere izanen da, trikitilariek alaiturik. 80 bat zaldi espero dituzte, burgete, bretoia eta comtois arrazakoak eta pirenaika arrazako 30 bat behi.

Goizeko lehiaketa eta erakusketen ondotik, arratsaldean Artzain Zakurren txapelketaren txanda izanen da. 17:00etan artzain zakurren desfilea eginen dute trikitilariek alaiturik. 17:30ean XLVI. Artzain Zakurren txapelketa, Patxi Etxeberria ‘ Xanpart’ XVII. memoriala. Hamaika zakur etorriko dira beraien artzainekin, tartean Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Ipar Euskal Herria eta Euskal Herriko txapeldunak. Joan den urtean Amaiurren garaile eta aurten Ipar Euskal Herriko txapeldun izan den Heletako Juan Miura Luk zakurrarekin etorriko da; Julen Arburua lekaroztarra, Ipar zakurrarekin; Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza Nafarroako txapelduna, Lagun zakurrarekin; Euskal Herriko txapeldun den Baigorriko Roger Jauretxe, Ximist zakurrarekin; Iholdiko Jean Atxeritogarai Ipar Euskal Herriko txapeldunordea, Nere zakurrarekin; Aresoko Antonio Alustiza, Nafarroako txapeldun ordea, Aske zakurrarekin; Abadiñoko Carlos Ardanza Bizkaiko txapelduna, Mendi zakurrarekin; herri bereko Aitor Urien, Nay zakurrarekin; Zeanuriko Jon Olibares, Bizkaiko border collie arrazako zakurren artean txapeldun izan zen Bixi zakurrarekin; Ataungo Aitor Tato Gipuzkoan txapeldun orde izan zen Bat zakurrarekin eta Azkoitiako Gaizka Etxaniz, Gipuzkoan eta Euskal Herrian border collie arrazako zakurren artean txapeldun izan zen Ira zakurrarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun