Lehen dantzak egin ditu Elizondoko Bianca erraldoi berriak

Ttipi-Ttapa 2022ko abu. 9a, 17:00

Enaitz Goñi Erauskinek Veneziako inauterietan oinarritutako bere erraldoi berriaren aurkezpen publikoa egin zuen larunbatean

Larunbat arratsaldean Elizondon Enaitz Goñi Erauskinek bere erraldoi berria aurkeztu zuen publikoki. Aitzineko egunetan egindako iragarpenak ikusmin handia piztua zuen, eta jendea guztiz asebetea gelditu zen Enaitzek aurkeztutako erraldoi berriarekin.  Iaz eskuratu zuen hainbertze amestutako erraldoia, Aitor Callejak, maisuki egindakoa. Veneziako inauterietan inspiraturiko erraldoia da, Bianca izenekoa. Soineko dotoreaz jantzia, koroa moduko batekin eta inauterietako ohiko maskara aurpegian. Dena den, maskara ere ken dakioke eta hau kendutakoan emakume aurpegi eder bat bistaratzen da, lerdena, garbia. 

Goñik argitu zuen, erraldoi berritzaile bat egin nahi zuela, izan ere, Elizondon Fernando eta Isabel Errege katolikoak Enrique eta Margarita Nafarroako erregeak, eta duela lau urtetik, Jaime Velaz de Medrano Amaiurko gazteluko alkaidea eta bere emaztea eginak zituzten, Jo ala Joren sagardogileekin batera. Enaitzek bertze motako erraldoi bat nahi zuen, eta baita erdietsi ere. Kontent agertu zuen bere erraldoia jende artera, eta herriak ere zorionez hartu zuen berritasuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun