Lekarozko aterpean 40 pilotari biltzen ari dira dira abuztuaren 8tik 14rako astean. Aste osoan, goizez eta arratsaldez zesta-puntan trebatzen ari dira eta punta-puntako pilotari profesionalak dituzte monitore, errate baterako Julen del Rio, Aaron Gonzalez de Matauko, Eneko Gamarra… Euskal Herriko hainbat zesta-punta eskoletatik etorri dira ikasleak: Hondarribia, Gasteiz, Andoain, Berriozar…, baina baita Kataluniatik eta Mexikoko Pueblatik ere.
Aurten hirugarren edizioa da eta urtero Oronoz eta Elizondoko frontoietan aritzen dira goizez. Publikoendako sarrera doan da eta asteazkenean, abuztuak 10, bereziki ate zabaleko jardunaldia antolatuko dute, nahi duen guztiarentzat zabalik. Baztango kanpaldira etortzen diren pilotari gazteek arras emaitza onak eskuratu ohi dituzte gero neguko txapelketetan.