Bertan Egunak ospatuko dituzte abuztuaren 6an eta 13an Elizondon

Fernando Anbustegi 2022ko abu. 5a, 07:00
Karrika animazioa izanen da berriz ere datozen bi larunbatetako Bertan Egunetan.

Karrikak beteko dituzte merkatari, ostalari eta zerbitzu elkarteko kideek

Bertan, Baztango merkatari, ostalari eta zerbitzuen elkarteak, urtero abuztuam egin ohi duen gisan, Bertan Egunak antolatu ditu abuztuaren 6 eta 13rako Elizondon. Hurrengo bi larunbatetan, hortaz, Bertaneko merkatariek beraien salmahaiak karrikara aterako dituzte 10:00etatik 20:00etara. Gainera, eskulangileek ere parte hartuko dute beraien ekoizpenak erakutsiz eta salgai jarriz.

Karrika animaziorik ere ez da faltako, izan ere Elizondoko Konpartsako erraldoi eta buruhandiak aterako dira. Musikaririk ere ez da faltako karrikak alaitzeko, Baztango Tuku-tuku txarangaren doinuak aditu ahal izanen dira. Sabela asetzeko ere taloak eta sotopilak eskuragarri izanen dira.

Bertako komertzioa dinamizatzeko helburuarekin lanean segitzen du Bertanek, eta bide horretan, uztailean, Trikidantz taldearen eskutik kantu bat argitaratu du elkarteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun