‘Generoa’ dantza ikuskizuna eskainiko du Kimua Dantza Kolektiboak uztailaren 29an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 28a, 08:00
Kimua dantza kolektiboak 'Generoa' ikuskizuna eskainiko du ortzirale arratsean Elizondon.

Ortziralean 20:00etan hasiko da Kultur 2022 egitarauko emanaldia Foruen Plazan

Kultur 2022 egitarauaren barrenean Generoa dantza ikuskizuna eskainiko du Kimua Dantza Kolektiboak uztailaren 29an, ortziralean 20:00etan Elizondoko Foruen Plazan.

Dantzaren bidez, gorputzaren mugimenduek gidatuta, hauteman ahal izango ditugu hartzen ditugun edo ezartzen dizkiguten rolak. Benetan aske bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Eta zu ausartuko al zara dantzan lehen pausoa ematen? Loturak hausten? Egiaz libre izaten?

Kimua Dantza Kolektiboa taldeak genero ikuspegiaren inguruko lana proposatzen digu dantza ikuskizun baten bidez. Partaidetzako bitartekotza original bezain berritzailearen bidez, Kimuak planteatzen digu loturarik edo katerik ba ote dugun … biologiari, genetikari eta euskarari dagokienez generoaren ikuspuntutik begiratuta.

Kimua Dantza Kolektiboa taldeko sei dantzari eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazlea arituko dira oholtza gainean. Euskal dantza tradizionaletatik abiatuta, ukitu klasiko eta garaikideak dituzten koreografiak interpretatuko dituzte. Hainbat musikak, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off ahotsek, trantsizioek eta hainbat baliabide materialek osatuko dute ikuskizuna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun