Oronoz-Mugairiko lanbide heziketako ikastetxe berria eraikitzeko proiektua lizitatu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 27a, 12:00
Lanbide heziketa zentro berria eginen den eremua, Oronoz-Mugairin.

Eraikinak 10.000 metro koadro inguruko azalera du, eta LHren erreferentea izanen da Baztan-Bidasoa aldeko produkzio sektoreentzat eta bizilagunentzat

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak uztailaren 26an argitaratu du Nafarroako Kontratazio Atarian Oronoz-Mugairin Lanbide Heziketako ikastetxe berri bat eraikitzeko proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko lizitazioa. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 26an, astelehena, akituko da. Zentro berriak 10.000 metro koadro inguruko azalera izanen du, eta N-121B errepidearen eta Bidasoa ibaiaren arteko lurzatietan eraikiko da. Aurrekontua, gehienez ere, 728.264 eurokoa izanen da (BEZ barne), proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko ordainsariak barne.

Lanbide-heziketako zentro berria energia-kontsumo ia nuluko eraikin bat izango da. Diseinu horren bidez, ekoizpen-agertoki berrien beharrei eta eskakizunei aurrea hartu nahi zaie, tailer eta laborategietako eremu zabal eta aldakorrak eta teknologia aurreratuko erabilera anitzeko ikasgela-eredu berriak eskainiz. Halaber, ikasteko metodologia berrietara egokitzen da (erronka, lankidetza-proiektu eta abarrengatik), baita eraldaketa berde eta digitalera ere.

Zentro moderno honek hasierako lanbide heziketako hezkuntza maila guztiak hartuko ditu: berezia, oinarrizko mailako zikloak, erdi maila, goi maila eta espezializazio ikastaroak, modalitate guztietan (presentziala, online, duala, etab.). Gaur egun Elizondoko eta Berako ikastetxeetan ematen diren irakaskuntzei lanbide-profil berriak gehituko zaizkie, ekoizpen-sektoreen, eskualdeko udalen eta xede-publikoaren eskaerei erantzunez, hala nola Nekazaritzako Ekoizpen Ekologikoa edo Sistema Mikroinformatikoak eta Sareak. Gainera, baliabide garrantzitsuak izanen ditu bizitza osoko prestakuntza eskaintzeko eta gaitasunak egiaztatzeko prozeduretarako.

Eraikuntza-eredu berriak lagundu egiten dio lanbide-heziketari, inguruko garapen teknologiko eta sozioekonomikoaren ondorioz eskaintza aldatzen joateko.

Proiektua idazteko epea lau hilabetekoa izanen da, kontratua sinatu eta biharamunetik hasita, kontratua esleitzeko prozesua bukatu ondotik. Proiektua idatzi eta gero, Hezkuntza Sailak zentro berria eraikitzeko lanak lizitatu eta gauzatuko ditu. Horren ondorioz, Toki Ona de Bera BHIn eta Elizondo LHIn ematen den lanbide heziketako eskaintza bateratu eta handitu eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun