Nola definituko zenuke zeure burua?
Mutil alaia naizela erranen nuke, geldirik egon ezin den pertsona, gauzak antolatzeko gogotsu dagoena.
Zein dira zure zaletasunak?
Amatxirekin denbora pasatzea da nire zaletasunik handiena, eta aunitz gustatzen zait kirola egitea (futbola, frontenisa, ur kirolak…) eta kantatzea, euskal kanta zaharrak batez ere, Amaiurko Gaztelu taldean aritzen naiz.
Zenbat lagun zarete Zigako Besta Komisioan?
25 zigatar gazte gara urte osoko ekitaldiak antolatzen ditugunak, 16-17 urtetatik 30 bat urtera artekoak. Hala ere, adin guzietako herritarrek laguntzen digute eta eskertzekoa da.
Nola banatzen dituzue lanak?
Komisioka banatzen gara. Egin beharreko lanak zein diren bereizten ditugu eta zozketa bitartez erabakitzen dugu bakoitzean nor arituko den.
Lan handia da?
Denak bezala, bere lana du, baina denon artean nahiko erraz egiten dira lanak.
Bestetarako gogotsu egonen zara, ez?
Bai, pasa den urtean seinale bat bertzerik ez genuen egin eta horrek gogo handiagoarekin utzi zidan. Erraten den bezala, 'nahi eta ezin' sentsazioarekin gelditu nintzen.
Eta zigatarrak?
Gogotsu ikusten ditut, adin guzietako jendea kanpora ateratzeko gogoarekin ikusten dut, besta gosearekin.
Zer hartzen duzue kontuan egitaraua prestatzean?
Pixka bat denetarik antolatzen saiatzen gara, adin guziendako. Aurten baliteke zerbait berria izatea, baina hori jakiteko hoberena bestetara hurbiltzea izanen duzue... kantatzeko eta dantzatzeko gogoarekin batez ere!
Zer da gehien gustatzen zaizuna?
Herritarrak elkartzea eta herrian sortzen den giroa. Bereziki dantzaldia gustatzen zait, zigatarrak dantzariak garela erranen nuke, duela bi urte bederen bai, eta jendeak beti bezala segitzea espero dut.
Zure asmoak epe motzera?
Udaz gozatzea lagunekin, bi urteren ondotik askatasunez mugitzen ahal gara berriz, nahi duguna egiteko.
Eta epe luzera?
Mutiko arrunta naiz, Baztan inguruan gelditzea da nire asmoa, egoerak uzten badu behinpin, baina etortzen dena ailegatu bezala kudeatuko dut, sobera planik egin gabe.