Iban Fernandez Rodrigez

«Bikoizketa egunerokoan dugu eta ez da behar bezala baloratzen»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 23a, 10:00

«Betitik marrazki eta magia mundu batean bizi zan den gaztea» da Iban Fernandez (Elbete, 1998), «burua ideia fantastikoz betea» du eta orain, pertsonaia hauei ahotsa ematen die. Bikoizketa gradua akitu berri du eta bere bizitzako «esperientziarik onena» izan dela dio.

Ametsa bete nahian

«Ongi moldatu izan naiz beti ahotsak paratzen eta aldatzen, jendea istorio batean sartzeko edo kantatu eta interpretatzeko». Marrazketa ere gustuko du Fernandezek, eta bi elementuak bateratuz, bikoizketa du zaletasun berria, «pertsonaia aunitzetan bilakatzeko aukera» ematen diolako.

35mm online eskolan ikasi du bikoizketa. «Irakasleak ezin egokiagoak ziren baina norberaren lana da garrantzitsuena, ahotsa zaintzen ikasi behar da eta egunero praktikatzen». Ikasketa prozesua «nire bizitzako esperientziarik onena izan da, baina erran beharra da zail xamarrak izan zirela lehenbiziko egunak».

Marrazketarekin duen loturak bulkatu zuen gradua egitera; «betitik marraztu izan ditut nire manga arraro eta dibertigarriak, baina badago gauza bat ezin dena marraztu; ahotsa. Pertsonaia hauen larruazalean sartzea da nire ilusioa eta pixkanaka hau egiten ikasi dut».

Ikasitakoa praktikara eramaten

Bilboko bikoizketa estudio ttiki batean egin zituen praktikak Fernandezek, «bortz pertsona zoragarrirekin batera. Han ikasi nuen dakidan ia guzia, irakasleengandik ez ezik, bertze aktoreengandik ere».

Bikoizketa «nahiko zaila» dela dio, «lotsari aurre egin behar zaio eta ahotsa moldatzen ikasi behar da. Eguneroko lana garrantzitsua da, zailtasun pila bat ditu baina ilusioarekin hartuz gero arras dibertigarria da».

Gizartean «behar bezala baloratzen ez dela» dio, «nahiz eta egoera aldatzen ari den». Jendea konturatzen ez bada ere, bikoizketa egunerokoan dago; «pelikulak, serieak, iragarkiak… erdaraz zein euskaraz, bikoizketa gure bizitzan dago egunero».

Ahotsa moldatzearen garrantzia

Bikoizketa on bat egiteko, «gauza pila bat hartu behar dira kontuan, baina niretako garrantzitsuena ahotsa ongi doitzea da, hau da, testua ahotsan eta denboran ongi kokatzea. Gero hori ongi interpretatu behar dugu ikusleak bikoiztua dagoela ez nabaritzeko, ahalik eta gehien disfruta dezan».

«Mundu guziak bere ahotsa duela» dio Fernandezek, eta «niri, adibidez, ahots batzuk kostatzen zaizkit, baina orokorrean nahiko erregistro handia dudala erranen nuke». Aktore guziak «pertsonaia mota batzuekin bertzeekin baino hobe moldatzen dira, batzuetan zure ahotsarekin egin behar duzu lan eta bertzeetan erregistroa aldatu behar izaten da, hori pertsonaren araberakoa da».

Berari dagokionez, «marrazki bizidunak eta fantasiazko filmak» bikoiztea du gustukoen, «ez bakarrik gogoko ditudalako, baizik eta marrazki bizidunetan erregistro zabalagoak dituztelakoz eta pertsonaia pila bat egin daitezkeelakoz. Fantasiazkoetan berdin, aktoreez gain dragoi, ipotx edota mamuetan bilakatzen ahal naiz». 

Etorkizunera begira

Euskal bikoizketan «aktore bikainak» daudela dio Fernandezek, «orokorrean jendeak dakiena baina gauza gehiago bikoiztu egin dira». Hala ere, «aktoreen falta» nabarmendu du; «film batean aktore bakar batek sobera paper inportante egiten ditu eta hori nabaritzen da. Normalean aktore bakarrak paper bat baino gehiago egin dezake, baina ez hainbertze eta pertsonaia garrantzitsuekin».

Ikasketak eginda, «honetan lan egitea» du helburu. Argi du «bikoizle lana aurkitzea zaila dela, baina esfortzu eta ilusioarekin dena lor daiteke». Bere ametsa «Tolkienen pertsonaiaren bat euskaraz bikoiztea» da; «Hobbita, Eraztunen jauna… nik dakidala ez dira inoiz euskarara bikoiztu eta horrelako mito baten pertsonaiak interpretatzea ametsa litzatzeke».

Azkenik, nabarmendu nahi izan du «titulua edukitzea ez dela hain garrantzitsua, ahotsa lantzen ikastea baizik. Ez baduzu ahotsarekin jostatzen eta moldatzen, ez dizute deituko. Zail bezain ederra da lanbide hau eta egiatan espero dut noizbait euskarazko bikoizketa handiren bat egitea eta jendeak nire ahotsarekin disfrutatzea».

Bere lanaren emaitza ikusi nahi baduzue, ondoko bideoko ahots guziak Fernandezek egin ditu:

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun