Indarkeria sexistarik gabeko gunea paratuko du Berdintasun Batzordeak bihar Elizondon

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 23a, 11:30

Puntu morea Elizondoko plazan egonen da 20:30etik 03:30era

Elizondoko Herriak eta Baztango Berdintasun Zerbitzuak elkarlanean indarkeria sexistarik gabeko gunea paratuko dute bihar, Elizondoko bestetako lehenbiziko gauean, plazan. Puntu morea 20:30etik 03:30era egonen da eta Emagin elkarteko bi aditu izanen ditu, bertaratutakoei aholkularitza emateko, materiala banatzeko eta zalantzak eta kezkak argitzeko. Gainera, txapa makina izanen dute, txapak mezu pertsonalizatuekin egiteko.

Ekimenak hainbat helburu ditu; alde batetik herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatzea eta indarkeria moten inguruko informazioa ematea. Bertze aldetik, emaztekiek besta guneetan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea eta beren burua defendatzeko duten gaitasunaz ahalduntzea. Gainera, babes eta elkartasun gunea sortu nahi dute, indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituena. Erasotzaileak izan daitezkeenei ere erasoak erantzuna izanen duela ohartarazi nahi zaie, eta azkenik, maitasun erromantikoaren eredua zalantzan paratuta plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bulkatzea.

Honez gain, Berdintasun Zerbitzuak besta guneetan pegatinak paratuko ditu, txosna, ostatu zein leku publikoetan, QR kode batekin. Lotura horren bidez azalduko dituzte eraso bat pairatu edo identifikatuz gero segitu beharreko pausoak, oinarrizko irizpideak eta eskura dauden baliabide eta zerbitzuak. Informazio guzia eskuragarri dago baztan.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun