Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana onartu du Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 22a, 19:00

Argazkia: Irantzu Pastor

Hemendik 2030era berotegi efektuko gasen emisioak %40 murriztea da planaren helburua

Baztango Udalbatzak atzo egindako osoko bilkuran Alkatetza Itunaren ekimenarekin bat egitea erabaki zuen, alderdi guzien babesarekin. Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (KEJEP) hain zuzen ere, Nafarroako Gobernuaren LIFE-IP NAdapta-CC proiektuak finantzatzen duen ekimena.

Helburua tokiko gobernuek berotegi efektuko gasak murriztea eta klima aldaketa arintzeko ikuspegi komuna hartzea da. Horretarako, bi konpromiso zehatz hartu dituzte: lehenbizikoa, berotegi efektuko gasen emisioa %40 murriztea hemendik 2030era, bereziki energia eraginkortasuna hobetuz eta energia iturri berriztagarriak gehiago erabiliz. Bigarren konpromisoa erresilientzia handitzea da, klima aldaketaren ondorioetara egokituz.

Gainera, Lankidetza Hitzarmena sinatu dute, plana bertze udalerri batzuekin batera egiteko. Hitzarmenean hartutako konpromisoen arabera, NASUVINSA-Lursareak lan teknikoak eta herritarren parte-hartzea zuzendu ditu, udalekin eta tokiko ekintza taldeekin koordinatuta.

Emaitzak biltzeko diagnostikoa, ekintza plana eta monitorizazio eta ebaluazio sistema dago. Hauei bertze eranskinak gehitzen zaizkie; finantzaketa-iturriak, 2005eko kontsumoen eta isurien inbentarioa, 2019ko kontsumoen eta isurien inbentarioa, 2019ko udal-kontsumoen txostena, kalteberatasun eta arrisku fitxak eta bertzelako dokumentazio teknikoa.

Ekintza planak zortzi jarduera ildo ditu:

  1. Ekintza klimatikoa Administraziotik
  2. Eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarria
  3. Mugikortasun iraunkorra eta zero emisio
  4. Klima aldaketari egokitutako hirigintza
  5. Hondakinak prebenitzea eta kudeatzea eta ekonomia zirkularra bultzatzea
  6. Ingurune naturala, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza
  7. Uraren kudeaketa integrala
  8. Klima-aldaketarekin lotutako gaixotasunak eta osasunaren gaineko ondorioak prebenitzea

Jarduera ildo bakoitzak ekintza batzuk eta ekintzen deskripzio fitxak biltzen ditu. Plana onartuta, Baztango Udalak bere ibilbide orria izanen du datozen urteetan ekintza klimatikoa hedatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun