1522ko uztailaren 19a gogoan izan dute Amaiurren

Fernando Anbustegi 2022ko uzt. 21a, 10:00

Asteartean bete ziren 500 urte gaztelua errenditu zutenetik eta meza batekin gogoratu zuten.  Argazkiak: Juan Mari Ondikol

1522ko uztailaren 19an Jaime Velaz Medrano Amaiurko gazteluko alkaideak amore eman behar izan zuen Karlos V.a enperadorearen agindupeko milaka soldaduren aitzinean. Nafar Erresumaren defentsan izandako borrokaren akabaila zen. Amaiurko gaztelua akitua zen nafarrendako, baina etorkizuneko sinboloa sortua zen.

Aitzinetik, kartsuki defendatu zuten 150-200 bat nafarrek Amaiurko gaztelua. Uztailaren 13tik 19ra bitartean, hamarnaka lagunek gazteluari eutsi zioten, zenbakiz eta baita prestakuntza eta armagintza teknologian aunitzez gehiago zen setiatzaileari.  

Hainbat egunez, setiatzaileak batera eta bertzera saiatu ziren gaztelua hartzen, baina ezinean ibili ziren, uztailaren 19an mina bidez kubo handia zartarazi zuten arte. Barnean zeuden nafar leialendako ezinezkoa zen gaztelauri eustea kubo handia zartarazi ondotik, hortaz, errenditu egin ziren. Erran daiteke, gaztelarrek 1512an Nafarroa konkistatu ondotik, Amaiurren bukatu zela Henrike II.a Nafarroakoaren aldeko indarrek Nafarroa berreskuratzeko egindako hirugarren ahalegina, 1512ko eta 1516ko saiakera antzuen ondotik, nahiz eta Nafar leialen eta Karlos V.aren armaden arteko borrokak Hondarribiko setioan izan zuen segida, 1524an. 

Gaztelua hartu eta egun batzuetara, abuztuaren 11n, agintari okupatzaileek gaztelua leherrarazi zuten, Baztan osoan entzun zen leherketa. 

Meza eta aitortza

500 urte pasa dira geroztik, eta hasiera batean gaztelua eta Nafarroako Erresuma desagertutzat eman bazuten ere, bortz menderen ondotik Amaiurko gaztelua eta Nafarroaren aldeko aldarriak bizirik dirau. Horren erakusgarri azken urteetan indusketa bidez lur azalera ateratako gazteluaren aztarnak, eta azken urteetan memoria historikoaren berreskurapenean egiten ari diren lana. 

Bide horretan, aurten 500. urteurreneko ekitaldi ugari ari dira egiten Amaiurren, eta asteartean, 1522ko uztailaren 19tik justu 500 urte betetzen zirenean, hamarnaka amaiurtarrek gazteluan egindako mezan parte hartu zuten, garai hartan Nafarroaren defentsan borrokan aritu zirenak gogoratzeko eta aitortza egiteko. 

1922an eta 1982an, lehenbiziko eta bigarren monolitoa inauguratu zirenean egin bezala, gazteluaren muino azpiko baselizan elkartu ziren herritarrak, elkarrekin gaztelura igotzeko. Goitian, Ixabel Aleman herriko alkateak harrera egin zien eta gero, Koldo Cacho Loiolako Santutegian dagoen apaiz tuterarrak, Angel Ortiz de Urbina donostiarrak lagunduta, meza eman zuen. Josune Makibar eta Javier Arizmendik kantatu zuten gero eta Miren Garmendia eta Maddi Iribarrenen txistu doinuek lagunduta, Gabi Garmendia eta Izaskun Cenozek aurreskua dantzatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun