Amaiur 2022-2522, Aurkituko gaituzuenoi ekitaldia aurkeztuko dute abuztuaren 6an Amaiurko gazteluaren ondoko belaian. Jon Maiak zuzendutako diziplina anitzeko ikuskizuna izanen da eta bertzeak bertze, Et Incarnatus orkestrak, Oinkari dantza taldeak, Gorka Hermosak, Olaia Inziartek, Jean Mixel Bedaxagarrek, Joseba Irazokik, Aire ahizpak, Elizondoko Abesbatza ttikiak eta Amaiurko Gaztelu taldea abesbatzak parte hartuko dute, bertzelako gonbidatu eta sorpresekin batera.
Euskal Herria osotasunean hartzeko xedea duen ekitaldia izanen da, emanaldi bakarrekoa, eta 2.000 ikuslerentzako lekuarekin. Ekitaldiaren izenarekin etorkizuneko biztanleei egiten die erreferentzia, atzoko, gaurko eta biharko Euskal Herria barne hartzen dituen kontakizun artistikoa eskainiaz.
Abuztuaren 6an, larunbata, 21:30ean izanen da ikuskizuna. Esertzeko aulki kopuru mugatua izanen da, adineko jendearentzako eta mugimendu arazoak dituztenentzako, beraz, komenigarria izanen da lurrean esertzeko zerbait eramatea.