Uda giroa

Zigak irabazi du bertze behin Baztandarren Biltzarreko orgen desfileko lehendabiziko saria

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 18a, 13:00

Bigarren saria Gartzainek irabazi du eta hirugarrena elbetearrendako izan da.

Argazkiak: Ondikol eta valledebaztan.com

Beroa nagusi izan bazen ere, jendetza bildu zen atzo Elizondoko karriketan, bi urteren ondotik Baztandarren Biltzarra normaltasunez ospatzeko. Goizetik artisauen produktuak ikusteko eta erosteko aukera izan zen, eta 11:00etan hasi zen orgen desfilea. Hamabortz herriek parte hartu zuten desfilean, Amaiurko Herriak ireki zuena, gazteluaren erorketaren 500. urteurrena dela eta. Nafarroako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Behe Nafarroako eta Lapurdiko musikari eta dantzariek parte hartu zuten desfilean.

Ondotik, Merkatuko zelaian bertako produktuekin osatutako 1.600 lagun ingururendako bazkaria izan zen, eta orga irabazleak iragarri zituzten. Laugarren urtez segidan, Zigako orgak lortu zuen lehendabiziko saria, 1940eko hamarkadan oinarritutako orgarekin. Etxeetako lanak irudikatu zituzten, uztaileko eta abuztuko uztaren bilketa zehazki. Garia biltzeko, erauzteko eta gordetzeko prozesua erakutsi zuten orga landu batean.

Gartzainek lortu zuen bigarren postua, Baseiko meategiaren historia kontatzen. 1880 eta 1950 urteen artean alemaniarrak etorri ziren meatzea ustiatzera, eta miseria handiko garaiak zirenez, gartzaindarrek bertara joan behar izan zuten lan egitera. Jardunaldia antolatzeko Baseiko bordan egiten zuten elkartzea, burdin harria ateratzeko prozesua eta tirolina bidezko garraioa erakutsi zuten orgetan.

Elbetearrak izan ziren hirugarren, Agotzeneko etxebizitzaren sutea kontatzen zuen orgarekin. XX. mende hasieran Elbeteko alkate izandako Martin Joxe, Anttoni emaztearekin eta seme sortu berriarekin Agotzeneara joan ziren bizitzera. Gau haizetsu batean, lurreko sua indartu eta etxe osoak su hartu zuen. Ezkil hotsekin, barride guztiak atera ziren sua itzaltzera eta familiari laguntzera, eta hori irudikatu zuten orga eder batean.

Sari banaketaren ondotik, mutildantzak, larrain dantza eta muxikoak dantzatu zituzten. Gero, dantzaldia izan zen Trikidantz eta Gabezin taldeen eskutik, eta Tirri&Teryk eman zion akabaila jardunaldiari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun