Ehunka lagun eta ezpata-dantzarik parte hartu zuten larunbatean Amaiurko batailaren 500. urteurreneko ekitaldi instituzionalean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 17a, 07:00

Larunbat honetan bosgarren mendeurreneko ekitaldi nagusia ospatu zuten Amaiurren ekitaldi instituzional batekin eta 150 ezpata-dantzariren desfilearekin. Eguna Amaiurko elizako arkupeetan egindako harrera ofizialarekin hasi zen, Ixabel Aleman Amaiurko herriko alkatearen eta Joseba Otondo Baztango alkatearen eskutik.

Argazkiak: Juantxo Egaña, Josu Inziarte eta Josean Grandal

Amaiurren egon ziren, bertzeak bertze, Unai Hualde eta Bakartxo Tejeria Iruñeko eta Gazteizko Parlamentuetako presidenteak; Jose María Aierdi Nafarroako Gobernuko presidenteordea; Unai Rementeria, Markel Olano eta Ramiro González Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako ahaldun nagusiak; Mertxe Aizpurua eta Bel Pozueta Espainiako Gorte Nagusietako diputatuak; Bidasoko herrietako alkateak eta baita Baztango herrietako alkateak ere. 1982an lehendakari zenean gaur egungo monolito inauguratu zuen Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia ere Amaiurren egon zen.

Agintari instituzionalei harrera eta desfilea monolitora

11:00etan, Amaiurko eta Baztango alkateek agintariei egindako harreraren ondotik desfile bat hasi zen Amaiur monolitoraino. Segizioaren buruan ezpata-dantzari ilara handi bat abiatu zen Baztango bandera, Amaiurkoa, Nafarroakoa eta Ikurrina zeramaten banderadunekin, eta baita Nafarroako banderaren irudiarekin egindako lore-zentro bat ere. Ibilbidean barrena ezpata-dantzariek euren dantzak erakutsi zituzten. Gero, monolitoaren inguruan bilduta, urteurrena gogoratzeko balioko duten argazki ofizialak atera zituzten baina, hori baino lehen, kantari talde batek zenbait abesti interpretatu zituen, Ixabel Aleman Amaiurko alkateak hitza hartu zuen Amaiurko batailaren bosgarren mendeurrena gogoratzeko eta 1922an paratu zen eta 1931n dinamitatu zuten lehen monolitoaren 400. urteurrena gogoratzeko ere.
 

Amaiurko alkatearen hitzaldia

Alemanek oroimenerako lekuak izatearen garrantzia azpimarratu zuen, herriek beren historia ezagutzeko, orainaren nortasuna eta etorkizuneko balioak ezagutzeko. 1522ra egin zuen atzera, eta honako hau adierazi zuen: «Nafarroaren konkista legez kontrakoa eta bidegabea izan zen, eta duela 500 urte konkistatzaileen botere beliko izugarriari aurre egin zietenek, Nafarroako Erresumaren independentziarekiko aske eta leial izaten segitu nahi zutela erakutsi zuten. Haren lekukotasuna izan da ondarerik baliotsuena, eta arrakasta izan du denboran, eta aintzatespen-ekintza honen bidez huraxe aldarrikatzen dugu». «Herri bat gara mundu globalizatu honetan, eta aske izateko aukera izan nahi dugu».
 

Herri bazkarian 400 lagun inguru

Gazteluko ekitaldiaren ondotik, segizioa plazara jautsi zen eta han bildu zirenek mutil dantzak eta larrain dantza dantzatu ahal izan zituzten. Gero, 400 lagun inguru Amaiurko frontoian bildu ziren herri bazkarian, eta arratsaldean Xubelet eta Xamanat, Aitor Ibarra, Francisco Santxotena eta Beñat Mitxelenaren musika emanaldiak izan ziren.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun