Artearen Ibilbidean parte hartzen dutenek zozketa batean sartuko dira Baztanen

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 15a, 18:00

Arizkunenean ikusgai dagoen 'Memoria bat, mila kolore. Gaztelu bat, mila irudi' erakusketaren inaugurazioa. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Zortzi erakusketetan parte hartzen dutenek bi lagunendako afaria, Baztango zaporeak lotea edo liburuak eskuratzeko aukera izanen dute

Urtero bezala, udan arte eskaintza zabala izanen dute Baztanen, han eta hemen izanen dituzten erakusketekin. Guztira hamabi erakusketa izanen dituzte eta aurten, bertze erakargarri bat ere izanen dute. Zortzi erakusketa edo gehiago bisitatze dutenek Baztango udalak antolatutako zozketa batean sartuko dira eta bi lagunendako afaria, Baztango Zaporeak elkarteko produktuz osatutako xareto bate do Baztango liburu sorta bat irabaz dezakete.

Zozketan parte hartzeko derrigorrezkoa da 16 urte baino gehiago izatea eta txartela pertsonala da. Aipatu bezala, zortzi erakusketa edo gehiago bisitatu beharko dira eta erakusketa bakoitzaren zigilua bisita egindakoan eskuratuko da, erakusketa bakoitzeko bana. Parte hartzeko orria bete eta 2022ko irailaren 15ª baino lehen entregatu beharko da Arizkunenea kultur etxean. Lehen saria bi lagunendako afaria izanen da; bigarren saria Baztango Zaporeak elkarteko produktuz osatutako xareto bat eta hirugarren saria Baztango liburu sorta bat.

Artearen ibilbideko hamabi mugarriak

  • Jose Mari Apezetxearen pintura erakusketa. Uztailaren 22tik abuztuaren 15era Erratzuko Zubietean (18:30-20:30).
  • Roque Lasaren pintura erakusketa. Uztailaren 22tik abuztuaren 15era Erratzuko Zubietean (18:30-20:30).
  • Diana Iniestaren ‘Zure ondoan’ pintura erakusketa. Abuztuan egunero irekia 18:00etatik 20:00etara Erratzuko Diana Ibiestaren pintura tailerrean.
  • Arizkungo Santxotena parke museoa. Uztailaren 15etik abuztuaren 11ra zabalik, asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.
  • Teresa Lafraguaren pintura erakusketa. Uztailaren 19tik abuztuaren 31ra, asteartetik larunbatera 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era eta igandetan 11:00etatik 14:00etara.Arizkungo Santxotena Parke Museoan.
  • Xabier Soubeleten pintura erakusketa, lan berriak eta lehenagokoak. Uztailaren 9tik irailaren 9ra. Arizkungo Sasternean, Ortzegunetik igandera 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara.
  • Jose Luis Alzugaray Galarreguiren pintura erakusketa. Uztailaren 15etik urrira arte. Elizondoko Jaime Urrutia 3an, asteazkenetik ortziralera 18:30etik 20:30era eta asteburu eta besta egunetan, 12:00etatik 13:30era eta 18:30etik 20:30era.
  • ‘Memoria bat, mila kolore. Gaztelu bat, mila irudi'. Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Uztailaren 8tik urrira arte. Asteartetik igandera 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Amaiurko Gaztelu Elkarteak antolatua, Baztango udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin.
  • Tomas Sobrino Habans-en ‘Dos amores’ pintura erakusketa. Uztailaren 30etik irailaren 4ra, astelehenetik ortziralera 18:00etatik 21:00etara, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Asteburu eta besta egunak 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 21:00etara.
  • Fernando Gorostidiren ‘Estudio Abierto’ erakusketa. Uztailaren 29tik abuztuaren 31ra. Elizondoko Jaime Urrutia 15ean, Elizondoko Jaime Urrutia 15eko lehen solairuan. Egunero irekia 20:00etatik 00:00etara.
  • Anandaren (Ana I. Gonzalez Diez) pintura erakusketa, Elizondoko Jaime Urrutia 48ko Mila-Ananda erakusketa aretoan. Erakusketa iraunkorra 18:30etik 20:00etara.
  • Mila Estebanen pintura erakusketa, Elizondoko Jaime Urrutia 48ko Mila-Ananda erakusketa aretoan. Erakusketa iraunkorra 18:30etik 20:00etara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun