Eraso sexisten kontrako Puntu Morea paratuko du Baztango Udalak Baztandarren Biltzarran

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 15a, 11:00

Berdintasun Zerbitzuak, Baztandarren Biltzarra elkartearekin elkarlanean, Puntu Morea paratuko du igandean Elizondon, 18:00etatik 21:00etara

Herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatu eta emaztekien bizipen, iritzi eta interesak bilduko dituzte

Baztango Udaleko Berdintasun Zerbitzuak, Baztandarren Biltzarra elkartearekin elkarlanean, Puntu Morea paratuko du igandean Elizondon, 18:00etatik 21:00etara, «indarkeria sexistarik gabeko besta bulkatzeko eta edozein erasoren aitzinean erantzun egokia emateko».

Eraso sexisten kontrako gunean Emagin elkarteko bi aditu egonen dira, bertaratzen direnei aholkuak ematen, materiala banatzen eta kezka eta zalantzak argitzen. Gainera, txapak egiteko makina ere izanen dute, norberak bere txapa mezu pertsonalizatuekin egin ahal izateko.

Ekimenaren helburua argia da; «alde batetik, herritarrak indarkeria sexistaz kontzientziatzea eta hainbat indarkeria moten inguruan informazioa helaraztea eta bertze aldetik, emaztekiek besta guneetan indarkeria sexistarekiko dituzten bizipen, iritzi eta interesak jasotzea, baita beren burua defendatzeko duten gaitasunaz ahalduntzea ere. Babes eta elkartasun gunea irudikatzea eta indarkeriari aurre egiteko bitartekoak erraztuko dituen erreferentzia gune bat sortzea, erasotzaile izan daitezkeenei erasoak erantzuna izanen dutela ohartaraztea eta maitasun erromantikoaren eredua zalantzan paratzea, plazerean oinarritutako harreman osasuntsuak bulkatzen».

Besta guneetan pegatinak ere banatuko dituzte, txosna, ostatu eta leku publikoetan, QR kode batekin. Lotura horren bidez, eraso bat pairatu edo identifikatuz gero segitu beharreko urratsak zein diren azalduko dira, oinarrizko irizpideekin eta eskura dauden baliabide eta zerbitzuekin. Informazio osoa eskuragarri dago baztan.eus webgunean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun