Amaiurko gazteluko gudaren 500. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 13a, 16:00

Bi ekitaldi nagusi antolatu dituzte gazteluan gertatutakoa oroitzeko. Duela 500 urte, gaurko egunarekin, Amaiurko gazteluaren setioa hasi zuten Gaztelako tropek. Sei egunez, Nafarroako 150 bat gerlari eta buruzagi setiatu zituen Karlos V.a enperadorearen armadak. Gaur egun, Nafarroako konkistaren ikurtzat hartzen da Amaiurko gaztelua eta egun hau.

Amaiurko Herriak, Gaztelu elkartearekin, Aranzadi Zientzia elkartearekin eta gobernuaren zein udalaren laguntzarekin urteurren garrantzitsu hau ospatuko du, eta bi ekitaldi prestatu ditu horretarako, bertze hainbat ekimenen artean. Lehenbizikoa aste honetan izanen da, uztailaren 16an, Amaiurren. Bigarrena, berriz, abuztuaren 6an herrian aurkeztuko duten ikuskizuna izanen da.

Inoizko ezpata dantzari kopururik handiena uztailaren 16an

Erakundeetako ordezkariak eta inoiz egin den ezpata dantzari konpainien kontzentrazio handiena bilduko ditu ekitaldiak. Uztailaren 16an, larunbata, 11:00etatik aitzinera, Baztango Baztandarrak, Iruñeko Duguna eta Amaiur, Iurretako ezpata dantzariak, Beasaingo Aurtzaka, Tolosako Udaberri, Gasteizko Jare, Donibane Lohizuneko Begiraleak, Baigorriko Arrola eta Zuberoako Dantzariak taldeek desfilatu eta joko dute herriko parrokiatik gaztelura doan bidean. Hori guztia kanpai-hotsekin eta txistulari eta gaitari taldeekin batera.

Gogoratu behar da 400. urteurrena zela eta, 1922an egungo monolitoa eraiki zela Nafarroako erresuma defendatu eta konkistari aurre egin zioten nafar haien omenez. Bortzehungarren urteurrenerako antolatutako ekitaldiak duela ehun urte egindakoa gogoratuko du, eta lore-eskaintza eginen dute monolitoan, baita Amaiurko alkate Ixabel Alemanek manifestu bat irakurriko ere. Segidan, segizioak bere dantza tradizionalak eginen ditu herriko karrika nagusian, herriko plazan akituz, non larrain-dantza eta mutil-dantzak dantzatuko diren. Ondotik, bazkari herrikoi handi bat antolatu da, musika emanaldiekin, www.amaiur.eus webgunearen bitartez eros daitezke txartelak.

'Aurkituko gaituzuenoi’ ikuskizuna Jon Maiaren eskutik

Gazteluaren suntsipenaren bosgarren mendeurrenaren harira,aAbuztuaren 6an, larunbata, 21:30ean ospatuko da mendeurreneko ikuskizun nagusia Amaiurren, gaztelua zegoen tontorraren magalean. Ikuskizunaren izena Aurkituko gaituzuenoi izanen da eta Jon Maia bertsolaria da zuzendaria.

Ikuskizunaren izenak etorkizuneko biztanleei egiten die aipamena eta ikuspegi horrekin atzoko, gaurko eta biharko Euskal Herria barne hartzen dituen kontakizun artistikoa eskainiko du hainbat kultur eremuetako artisten parte hartzearekin. Emanaldi bakarra izanen da eta sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko www.amaiur.eus webgunean daude salgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun