Bi urteren ondotik, baztandarrendako hain berezia den Baztandarren Biltzarra eguna ospatuko da berriz ere igande honetan, uztailaren 17an, Elizondon. Baztandarren Biltzarra elkartea, herritarren laguntzarekin, azken prestaketetan ari da, eta aurtengo edizioaren aurkezpena egin zuten atzo.
Amaiurko gudaren 500. urteurrena dela eta, «Amaiurko Herria izanen da aurtengo banderaduna, eta beraiek irekiko dute Elizondoko karriketatik barna joanen den desfilea». Euskal Herri osoko hainbat dantza taldek parte hartuko dute desfilean, baita Baztan eta inguruko dantza talde eta musikariek. Gainera, aurten, ezpata-dantzariak izanen dira, «Amaiurko gudaren sinbolizazio gisa». Honez gain, bailarako herri guziek parte hartuko dute orgen desfilean.
Aurtengo kartelaren aurkezpena ere egin dute, «Malmö Ilustrazioa & diseinuak bikote elizondoarrak egina. Sinbolizazioz betetako kartela da, detaile ttiki guziak elkartuz, zentzuz betetako diseinua osatu baitute». Aurten ez dute kamisetarik egin diseinuarekin, Baztandarrenen leloa duten poltsak baizik, aste honetan salgai egonen direnak elkartean 19:00etatik aitzinera.
Urteroko tonbola ere aldatzea erabaki dute, «raska batzuk egin ditugu, euro batean daude salgai, eta zenbaki bat, ostatu batean pintxo eta trago bat edo Baztandarren egunean trago bat lor daitezke. Zenbakiekin zozketa batean parte hartzen da, eta sarituek Baztango Zaporeak elkartearen sorta bat eta bertako jatetxe edo ostatu batean bi lagunendako otordua irabaziko dute. Herri bakoitzak bere lotea dauka, eta igandean eginen dute 16. sortaren zozketa.
Ohikoa den bezala, igandean desfilearen ondotik bazkaria eginen dute Merkatuko zelaian, eta txartelak bihar salduko dituzte, uztailaren 13an, elkarteko barrakoian, 10:00etatik goiti. «Azken urteetako txartel kopuru bera jarriko dugu salgai; 1.600, eta bakoitza 27 eurotan eskuratzen ahalko da. Zuzeneko salmentaren ondotik, txartelak soberan geldituz gero, emailez ere erosten ahalko dira txartelak@baztandarrenbiltzarra.eus helbidera idatziz». Bazkarian, «bertako nekazari eta abeltzainek ekoiztutako produktuak» izanen dira eta bazkari zein ostatuan edalontzi berrerabilgarriak erabiliko dituzte.
Akitzeko, Baztandarren Biltzarrak «tradizioa eta gaurkotasuna» uztartzen dituela gehitu dute; «Elizondoko plazan eta Merkatuko zelaian dantzatuko diren mutil dantzetan, dantza egin nahi duen herritar orori parte hartzeko gonbita luzatzen diogu. Eraso sexisten kontrako protokoloa ere martxan jarriko dugu, harreman parekideen eta denen gozamenaren aldeko besta ere badelako».