Aurtengo Loraldiko sari banaketa egin du Arras Baztanek

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 8a, 16:00

Saridunak erakundeetako ordezkariekin. Argazkia: Ondikol

Sei saridunak, Baztango alkateordea, Arras Baztango bazkide bat, udal teknikari bat eta Cedernako garapen agente bat izan dira sari banaketan

Arras Baztanek Loraldia antolatu du bertze behin, Baztango balkoi eta leihoak lorez apaintzeko lehiaketa. Ekimenaren helburua «herritarren parte hartzearen bidez, bailarako ingurumen kalitatea eta irudia hobetzea» da. «Landareek eta loreek bizitzeko herri eder eta gozagarriagoak egitea laguntzen dute».

Gaur eguerdian udaletxean egin dute sari banaketa, eta sei herritar saritu dituzte denetara:

  • Lydia Petrirena Bakero (Elizondo)
  • Maria Teresa Ibarra Elizalde (Ziga)
  • Maria Lopez Uriz  (Elizondo)
  • Joxepi Barrenetxe (Lekaroz)
  • Patricia Pellicer Perotxena Erlategi (Elizondo)
  • Mari Jose Saldias Saldias (Elizondo)

Beatriz Auzmendi Cedernako garapen agenteak azaldu duenez, «udaletxeko sabaira bertaratu dira sei saridunak, batzuk familiarekin lagunduta, eta lehenbizi Xabi Maia alkateordeak hartu du hitza. Saridunen lana goraipatuz eta bihotzez eskertuz, azken urteotan udalak gure herriak lorez eta landarez apaintzeko egiten ari den ahalegina azpimarratu du. Hurrengo urteetarako lehiaketan jende gehiago parte hartzera animatu du, herritar aunitzek etxeak lorez apaintzen baitituzte eta ez dute parte hartu. Arras Baztaneko Mikel Sobrinok gure herrietan balkoien garrantzia aipatu du, Baztanen %80 lorez apainduak daudela azalduz. Udal teknikariak emakumeen lana goraipatu du, haiena izaten baita lore eta landareen zaintzaren ardura. Azkenik, sariak banatu dira: 50 € bana eta loreak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun