Matei Mendiburu

«Gero eta gazte gutiagok nahi du ostalaritzan lan egin»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 9a, 08:00

Mendiburuk 24 urte ditu eta gustura ari da ostalaritzan.

Matei MENDIBURU GORTARI, Elizondoko zerbitzaria

2021eko ekainean hasi zen Matei Mendiburu Gortari elizondoarra ostalaritzan lanean, eta udako lanaldia akituta, asteburuetan eman zion segida, «astegunez ingeniaritza ikasten» ari delako. Uda ailegatuta, ordea, eguneroko bihurtu zaio berriz ostalaritza. Adierazi duenez, «udako lana denez, astean egun batez izaten dut libre», baina gisa berean, hasmentatik «gustura» dabilena eta «arras ongi sentitu» dela azpimarratu nahi izan du.

Lan baldintzak hizpide izan ditu TTIPI-TTAPArekin, eta «hobetu» direla iruditzen zaio, baina «oraindik bada hobetu beharreko aunitz: Aunitzetan ordu gehigarri aunitz sartzen dira ostalaritzan, eta horren dirua ez da ikusten». Argitu duenez, «ez da nire kasua, nik ordu gehigarrien dirua beti hartu dut, baina toki batzuetan baldintzak nahiko kaskarrak dira». Horrez gain, alde batetik, ostalaritza «sakrifizio dezente» eskatzen duen lana delakoan dago, «zerbitzariek orduak sartu behar dituztelako eta asteburuetan lana egitea tokatzen zaielako», eta bertzetik, «sobera baloratua ez den lana» dela aipatu du, «segun nor tokatzen zaizun, pazientzia haundia eduki behar da»

«Ostalaritza bigarren aukera izaten da gazteendako. Bertze lanik ez badute, ostalaritzan sartzen dira»

Mendiburuk ere sumatu du ostalariek langileak harrapatzeko arazoak dituztela. «Niri hartu zidatenean ere erran zidaten jende guti aurkeztu zela. Azken aldi honetan nahiko zail dago». Bere inguruan ere ostalaritzaren bidea «gero eta jende gutiagok» hartzen omen du: «Adibidez, hemen hurbilean, Dantxarineko bentak ditugu, eta gazteek nahiago dute ostalaritza ez den bertze lan batean ari. Ostalaritza bigarren aukera izaten da gazteendako, bertze lanik ez badute, ostalaritzan sartzen dira».

Horren arrazoia «nahiko lanbide sakrifikatua dela izan daiteke» baztandarraren arabera. «Badakizu noiz sartuko zaren, baina ez dakizu noiz aterako zaren, egun horretan etorriko den bezero kopuruaren araberakoa da. Hori da duen alde txarra. Eta aldi berean, uda denez, jendeak oporrak ere nahi ditu». Egoera horri buelta emateko gakoa «neurriak hartzea» da bere irudiko, «langileek lan baldintza onak behar dituzte, ordutegi ona eta opor egunak».

Bere kasuan ikasi bidenabar egiteko lana izatea nahi luke ostalaritzakoa, «denboraldi baterako», azaldu du: «Ingeniaritza ikasten ari naiz eta horri lotutako lan bat izatea gustatuko litzaidake. Baina nagusiek argi utzi didate ikasketak akitzean ez badut zerbait harrapatzen, hor lana edukiko dudala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun