'Amaiurko defentsa' trilogia aurkeztuko du Lur Barnea musika taldeak larunbatean Amaiurren

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 5a, 16:00

Lur Barnea taldeak Amaiurko gazteluaren defentsari buruzko trilogia grabatu du eta argitaratu bitartean aurkezpen bideo bat atera du. Aurten gertakari historiko horren V. mendeurrena ospatzen da eta abestiak zuzenean aurkeztuko dituzte larunbatean, uztailaren 9an Amaiurren, Herriexistentzia elkarteak antolatutako jardunaldian. Bideo eta testua: Lur Barnea

1522. urtean Amaiurko gazteluan jazotako defentsa epikoa kontatzeko, taldeak trilogia formatua erabiltzea erabaki du. «Musika arloan ez da oso ohikoa trilogia bat egitea, baina oso gai sakona da eta arlo ezberdinak bereizi nahi genituen» dio Aingeru Gorrotxategi taldeko konposatzaileak. «Gainera, trilogiak oso modan daude zineman eta agian musikan ere funtziona dezake horrek, kontatu nahi dena abesti bakarrean jasotzea zaila bada». Honela, lehenengo abestian defentsak izan zuen arlo epikoa azpimarratzen da. Bigarrenean, aldiz, bataila bera kontatzen da eta hirugarren abestiak aspaldiko gertakariaren memoria du hizpide. Abestiak gai beraren inguruan izan arren, «bakoitzak bere ñabardurak ditu eta horrexegatik bakoitzari kutsu ezberdina eman nahi izan diogu». Honela, lehen eta hirugarren kantuetako giro epikoa sortzen laguntzeko orkestrazioa sinfonikoa sartu dute; bigarrenean, aldiz, defentsa sutsua musikalki rock estilo sendo batekin islatzen delarik.

Iaz argitaratu zuten 1521ean Noaingo batailan girotutako Azken esperantzaren guda abestian bezala, trilogia honetan ere abestiak irudiekin lagundutako bideo batekin argitaratuko dira. Orduan Martintxo Altzuetaren marrazkiak erabili zituzten eta oraingoan Nabarraldek argitaratu berri duen Angel Rekalde eta Amaia Ballesterosen Amaiur, gaztelu baltza komikiko irudiak erabili dituzte. Bideo muntaian, abestiez gain, hainbat pertsonaien testigantzak agertuko dira; hala nola, Asisko Urmeneta marrazkilaria edo Aranzadi elkarteko Mikel Legorburu historialaria.

Datorren uztailaren 9rako Herriexistentzia elkarteak Amaiurren hainbat ekitaldi antolatu ditu eta horien artean Lur Barneko Aingeru Gorrotxategi zuzenean abestiak aurkeztuko ditu. «Oso hunkigarria izango da abestiak Amaiurren bertan eta batailaren V. mendeurreneko dataren inguruan estreinatu ahal izatea», dio taldeko abeslari eta gitarristak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun