Erratzuko jaialdian erabaki dira Ados elkartearen San Fermin pilota txapelketako finalistak

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 4a, 07:00

Erratzuko Etxelebertz pilotalekua jendez gainezka ortziralean, Ados pilota elkartearen San Fermin piota txapelketako finalerdia ikusten.

Ortziraleko finalerdian Arrieta eta Mendiburu suertatu ziren garaile et Aldaregia eta Mujikaren kontra ariko dira bihar Labriten

Erratzun jokatu zen ortzirale arratsaldean Ados Pilota elkarteak antolatutako San Fermin pilota txapelketako bigarren finalerdia. Erratzuko bestetan izaten den giro bikainarekin partidu gogor eta ona ikusteko aukera izan zuten bertaratu ziren pilotazaleek. 

Urdinak hasieratik agintzen hasi ziren jokoan eta gorriei kosta egin zitzaien partiduan sartzea. Konturatzerako Ane Mendiburu eta Eneritz Arrieta 8-2 paratu ziren markagailuan aitzinetik. Gorriek erreakzioa izan dute orduan eta partidua zortzina berdintzea ere lortu zuten. Hortik aitzinera aunitz gogortu zen partida eta momentu erabakigarrietan urdinak tantoak akitzerakoan erabakigarriagoak izan ziren. Iera Iturriaga eta Oihana Orbegozo momentu gehienetan defentsa lanean aritzea behartu zituzten eta nahiz eta lan ederra egin zuten defentsan, ez zen nahikoa izan urdinen erauntsiari aurre egiteko. Partidu ederra beraz lau pilotarien aldetik baina Eneritz Arrietaren eta bereziki Ane Mendibururen jokoa ikusgarria izan zen Erratzun. Azkenean, Arrieta eta Mendiburuk 22-14 irabazi zieten Iturriaga eta Orbegozori.

Mendiburu, Arrieta, Orbegozo eta Iera Iturriaga, epaileekin, finalerdi hasierako agurrean.

 

Finala uztailaren 5ean Labriten

Beraz, uztailaren 5eko Iruñeko Labrit pilotalekuko final handiak baditu lau protagonistak. Aurrez-aurre Arrieta-Mendiburu eta Aldaregia-Mujika izanen dira. Emakumeez gain, pilotari profesional izandako gizonezkoen arteko pilota partida erakargarria ere izanen da asteartean 18:30ean hasiko den jaialdian: Titin III.a eta Goñi III.a, Oinatz Bengoetxea VI.a leitzarraren eta Armendarizen kontra. Finaleko jaialdi honetan lortzen den diru guztia ANELA elkartearentzat izanen da eta sarrerak ere elkarte honen webgunean eros daitezke.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun