Nola definituko zenuke zeure burua?
Ikasketak egiten ari den 21 urteko azpilkuetarra naiz.
Zein dira zure zaletasunak?
Margotzea eta leitzea gustatzen zait. Fikziozko lanak eta fantasia bereziki gustatzen zaizkit.
Herriko bestetako antolakuntzan zaude. Nola eta zenbatero erabakitzen da nork antolatuko dituen?
Bi urtetik behin aldatzen dira damunausiak (danbolin nagusiak), eta adinaren arabera aukeratzen dira. Hala ere, aitzineko urteetako antolatzaileak laguntzeko prest egoten dira.
Nortzuk zarete aurten?
Naiara Ariztia eta biok ari gara antolakuntza lanetan.
Lan handia da?
Alde batetik, gauzak prestatzeko tenorez solastatu behar da jendearekin eta gauza aunitz kontuan hartu behar dira. Baina aitzineko ospakizunak eredu gisa erabilita, ez da zaila izaten.
Bi urteren ondotik gogotsu hartuko dituzue herriko bestak…
Gogo handia dugu herrian biltzeko eta ongi pasatzeko. Polita da musika eta otorduak prestatzea eta giro ona izatea espero dugu.
Herritarren artean ere bestarako gogoa nabarituko da, ez?
Bai, jendea irrikitan dago biltzeko eta bestez disfrutatzeko. Azken urteetan ezin izan dugu besta handirik prestatu eta denok ongi pasatzeko gogotsu gaude.
Zer hartu duzue kontuan egitaraua prestatzean?
Gehienbat aitzineko urteetako antolakuntzari begiratu diogu. Herriko bestak lau egunetan banatzen dira eta denondako zerbait prestatzen saiatzen gara.
Zer da bestetatik gehien gustatzen zaizuna?
Denbora luzean ikusi ez dudan jendearekin topatzea, ardurarik gabe dantzatzea eta aldiro sorpresaren bat aurkitzen dudala.
Besta egunetan antolakuntza lanetan ere aritu beharko duzu…
Beti badago besta egiteko momenturen bat, eta ardura gehienak gazteen artean partekatzen ditugu. Gainera, bestak hasi aitzinetik ere gauzak prestatzeko biltzen gara eta gosariak egiten ditugu.
Zure asmoak epe motzera eta luzera?
Diseinu Grafikoko ikasketak akitzea, urtea ongi akitzea, lana aurkitzea eta nire kontu bizitzea.