Pello San Millan Bergara

«Eskualdeko gertakari historiko ezezagunak biltzen ditut blogean»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 2a, 10:00
Arizkunen bizi den elizondoarra da Pello San Millan.

Gauzak probatzea gustuko duen elizondoarra da Pello San Millan. «Denetik egin izan dut beti; diseinu grafikoa, marrazkilaritza, egurra lantzea, argazkilari eta kamerari lanetan aritu naiz… orain harria lantzen dut». Iruñeko Arte Eskolan egin zituen ikasketak eta diziplina aunitz ikasi zituen bertan, «denetik pixka bat egiten dut, inon sakondu gabe». Zaletasunen artean du historia ere, eta duela 14 urte hasi zuen Baztango Haizegoa bloga, eskualdeko historiako pasarteak eta pertsonaien biografiak biltzen dituena.

Noiz sortu zenuen bloga?

2008an hasi nuen, eritasun bat izan nuen eta baja hartu behar izan nuen bederatzi hilabetez. Beti gustatu izan zait historia baina kanpokoa ezagutzen nuen, ez ingurukoa, eta Amaiur 1512-2012 kontuarekin hasi zen Nabarralde Fundazioa. Orduan konturatu nintzen Baztango eta inguruko historiari buruz ez nekiela deus, eta informatzen hasi nintzen. Lagun batekin elkartu ohi nintzen eta bitxikeria historikoak, gertakizunak, pertsonaia garrantzitsuen bizitzak… kontatzen nizkion, eta berak erran zidan berari kontatu beharrean blog batean idazteko. Momentu hartan ez ziren hainbertze sare sozial eta blogak ziren jendeak Interneten idazteko erabiltzen zituen plataformak.

Nola izan zen hasmenta?

Oroitzen naiz nire lehenbiziko artikulua Trinidad Urtasun bertsolari eta gizon xelebrearen biografia izan zela, bere bizitzako bitxikeriekin. Hasieratik argi nuen istorio laburrak kontatuko nituela, 10 minututan eta erraz irakur daitezkeenak. Beti erraten dut ez dela gauza serioa, lagunen arteko transmisioa baizik. Hori bai, informazio serio eta egiaztatuarekin.

Zenbatean behin argitaratzen dituzu artikuluak?

Hasmentan astero publikatzen nuen, eta orain irailetik ekainera hamabortzero. Dinamika honetan segitu dut 14 urtez; bilatzen, irakurtzen… gaur egun nahiko erraza da informazioa bilatzea Internetarekin eta artxibo historikoekin. Gainera, Xorroxinen Karakola Segi Hola saioan kolaboratzen dut eta horrek aitzinera segitzen laguntzen dit.

«Amatxik kontatzen zizkigun istorioek inspiratzeko balio izan didate»

Pello SAN MILLAN BERGARA

Nondik lortzen duzu informazioa?

Informazio-iturri aunitz ditut: liburutegian eskuragarri dago Nafarroako XX. mendeko prentsa bertako artikulu aunitzekin, Mariano Izeta eta Agustin Otondo bezalako autoreak, Lander Santamaria… eta Interneten hainbat dokumentu, unibertsitateko lan eta aldizkari zahar daude. Informazioa nondik lortu dudan adierazten dut artikulu bakoitzean, jendeak gaiari buruz gehiago jakin nahi badu.

Blogean amatxi Marikruzen istorioak ere aipatzen dituzu…

Bai, gure amatxi Marikruz 1911n Zigan sortu zen eta oroitzen naiz ttikitan istorio aunitz kontatzen zizkigula; herrian ikusi zituzten lehenbiziko autoak, nola joaten ziren Elizondora, uholdeak, Espainiako gripea… artikuluak idaztean kontakizunak etortzen zaizkit burura eta inspirazio gisa balio izan dizkidate. Pena da ez niolako kasu handirik egiten bere momentuan.

Testigantzak ere biltzen dituzu?

Normalean ez. Konturatu naiz jendeak istorioak kontatzen dituela beraiendako egia hori delakoz, baina gero dokumentatzean bertze modu batez gertatu zirela ikusten dudala. Informazio pixka bat lortzean datuek ez dute bat egiten kontatutakoarekin.

Kontatutako istorioak gaurkotasunarekin lotzen saiatzen zara…

Bai, hasmentatik nire ideia egungo gertakariekin zerikusia duten gertaera edo pasarte historikoak azaltzea izan da; baserri bat erre zenean, adibidez, Elizondoko Maitena Hotelaren sutea kontatu nuen. Efemerideak ere kontatzen ditut, duela hainbat urte gaurko egunarekin gertatutako istorioak. Pixkanaka efemerideen atala betetzen ari naiz, urteko egun guzietako gertakariak sartuz.

Pertsonaia historiko ezagunen biografia eta ilustrazioak biltzen ditu San Millanek blogean.

Bloga bertze diziplina artistikoekin uztartzeko aukera izan duzu?

Bai. Argazkilaritza ikasi nuen eta garai batean analogikoarekin ibiltzen nintzen, baina utzi egin nuen. Blogari esker berriz ere hasi nintzen; leku bateko historia kontatzean ez zen erraza argazkiak aurkitzea, egileari baimena eskatu behar nion, eskaneatu egin behar nituen… eta orduan kamera digital bat hartzea eta behar nituen argazkiak nik ateratzea erabaki nuen.

Zein izan da idaztea gehien gustatu zaizun istorioa?

Baztanen eta eskualdean I. Karlistadetan izandako mugimenduari buruz idaztea aunitz gustatu zitzaidan ez nuelako ideiarik erez. Zumalakarregi, Sagastibeltza eta historian izandako pertsonaia garrantzitsuak hemendik pasatu ziren, Elizondo setiatua egon zen bi aldiz… pasarte historiko aunitz gertatu ziren hemen. 

Gerra Zibileko istorioak ere arras interesgarriak dira; Nafarroan nazionalak altxatu ziren eta hemen batailarik izan ez zenez, badirudi ez zela deus pasatu. Baina klandestinitateko mugimendu handia izan zen, espioitza sare aunitz izan ziren, mugalariek jendea pasatzen laguntzen zuten…

«Gure historian denetatik izan dela atzentzen zaigu aunitzetan»

Pello SAN MILLAN BERGARA

Honez gain, biografia aunitz idazten ditut eta deigarria da Hego Amerikan hainbertze kargu inportante izan zituzten erregeorde, militar eta diktadoreak hemengo semeak zirela edo hemengo arbasoak zituztela. Abizen euskalduneko pertsonaiak aztertuta, aunitzek aitetxi-amatxiak hemengoak zituzten.

Erraza da bi astetik behin istorioak aurkitzea?

Beti aurkitzen dut zerbait gaur eguneko gertakarien lotzeko, gertaera aunitz izan ditugulako hainbat arrazoiengatik; mugan gaude, megalitoak ditugu, hau da, duela 6.000 urte jada bazegoen jendea hemen, erromatarrak bertan izan ziren eta Erdi Auroan jauntxoak zeuden, arrasto aunitz ditugu, Nafarroako konkista Amaiurrekin, Napoleonen tropak hemendik pasatu ziren, ingelesen kontrako batailak, naziak Bigarren Mundu Gerran… zerrenda ez da akitzen, hainbertze gauza pasatu baitira Baztanen eta eskualdean.

Informazioa euskaratzea tokatu izanen zaizu aunitzetan…

Bai, eta gainera nahiko gaizki idazten dut… baina badaude tresnak itzultzeko. Napoleonen garaiko informazio aunitz, adibidez, ingelesez dago, eta itzultzaileekin moldatzen naiz. Hala ere, egia da gero eta liburu eta sareko informazio gehiago daudela euskaraz. Unibertsitateko tesiak euskaraz ere gero eta ugariagoak dira.

Erabaki kontzientea izan zen bloga euskaraz egitea?

Bloga egitean ez nuen kontuan hartu informazioa itzuli beharko nuen edo ez, argi nuen euskaraz egin nahi nuela. Sortzen dudan edukia beti euskaraz egiten dut, orain bideo batzuk egiten ari naiz sare sozialetarako eta horiek ere euskaraz egiten ditut. Ez zait inporta jendearengana iristea edo ez, hau gustuko dudalako egiten dut, berdin zait hamar edo bortz lagunek irakurtzea, edo inork ez. Inguruko historia, toponimia, bitxikeriak… bildu nahi izan ditut, bertzerik ez. Niretako egiten dut dena, eguneroko batean idatz ahal nezakeen bezala idazten dut bloga, baina ez naiz inoiz zabaltzen saiatu.

Zergatik Baztango Haizegoa?

Hasi nintzenean udazkena zen eta haizegoa zegoen (irriz). Gainera, Baztango historian ezagunak dira XVIII. mendeko jauntxoak, Gortean ministroak izan zirenak, Goienetxe jauna, Pedro Urtsua, Ameriketako konkistatzaileak… baina nik bertze historia bat kontatu nahi nuen, galtzaileen historia, gerra zibilean alde egin zutenak, esklabistak izan zirenak, Amerikako indiar hiltzaileak… nik ezagutzen ez nituenak. Haizegoak buruko mina ematen duela erraten dute, eta nik ere modu batean hori eragin nahi nuen. Ez da dena hain dotorea eta bikaina izan gure historian, denetatik izan dela atzentzen zaigu aunitzetan.

Blogarekin denbora luzez segitzeko asmoa duzu?

Dinamika hartu dut, erraza egiten zait eta badakit hamabortzero artikulu bat publikatzeko ez dudala problemarik. Irratiak ere tarte bat eskaintzen dit eta horrek aunitz laguntzen du. Ez dakit noiz arte egonen naizen, urteak badira jada, baina beti badago zer kontatu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun