Aroztak herri ekimenak jakinarazi duenez, «aste honetan izan dugu Salvador Urbistondok Palacio de Arozteguia, S.L. enpresaren izenean Nafarroako Gobernuan iaz aurkeztutako eskaera baten berri. Eskaera horretan Nafarroako eta Espainiako Gobernuari indemnizazio eskaera egiten dio. Aroztegiko proiektuko obrak gelditzeagatik, bertze gauzen artean, 43 milioi euroko indemnizazio eskaera egin du».
Hau «eskandalagarria» dela adierazi du herri ekimenak; «behin eta berriz herri lurrak eta herritarren nekazal lurrak modu lotsagabean bereganatzen saiatu direnak, herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatu nahi izan dutenak eta pelotazo urbanistiko baten bitartez aberastu nahi izan dutenak, inpunitate osoarekin berriz ere diru publikoa bereganatzeko trikimailu berri bat asmatu dute». Gainera, «onartezina» deritzote «ondasun publikotik bidegabeki aberasten saiatu direnak orain biktimaren jarrera hartu eta indemnizazioen bitartez berriz ere herritarren kontura aberasten saiatzea, oraingoan nafar guztien kontura».
Honez gain, «beren kexa nagusia gobernuak polizia gutxi bidali zuela eta kanpatuen kontrako jarrera ez zela aski gogorra izan» eta «obra gelditzeko lanean aritu zirenen bortizkeria» salatu du enpresak. Honi erantzunez, ekimenak oroitarazi nahi izan du «gure lurra, hizkuntza eta kultura desagerraraztea helburu duen proiektu honen kontrako borrokan egon den bortizkeria bakarra hondeamakinak, motozerrak eta guardia zibilak bidali dituztenena izan dela». Gainera, kanpaldiak iraun zuen bitartean poliziaren presentzia «itogarria» izan zela adierazi dute eta «hautetsiek eta herritarrek pairatu dugun eta oraindik pairatzen ari garen jazarpen judizial eta ekonomikoa» nabarmendu dute.
Azkenik, «obren esleipena legez kontrakoa izan zela» oroitarazi dute; «lege guztiak beren alde egonda ere, horiek betetzen ez dituzten erakusle dira herritarrek eta hautetsiek irabazitako auzi guztiak. Inpunitate osoa dutela uste duten jauntxo hauei jakinarazi nahi diegu inposatutako proiektuen aitzinean herri batek bere burua defenditzea ez dela delitua eta herrien burujabetza kapitalaren pilaketa bidegabearen gainetik dagoela».