Elkarretaratzea Elizondon LGTBI+ Harrotasunaren egunean

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 29a, 09:30

Hainbat herritar bildu ziren atzo arratsaldean Elizondoko plazan Ernaik eta Baztan Iñarrosik egindako deialdian, «harro bezain aske» bizi nahi dutela aldarrikatzeko. Ondoko adierazpenaren irakurketa ere egin zuten:

Argazkiak: Aintzane Ariztegi

Behingoagatik, historikoki lehendabizikoz, elkartu gara ekainak 28aren harira Elizondoko plazan eta zenbaiten burutik pasatu da; «bazen ordua!». Orain hemen mikrofonoan boterea dugula baliatuz, jakin beharreko zenbait gauzez solastatuko gara, nahiz eta ezinen ditugun denak testu honetan sartu. Haietako bat sexilioa dugu eta denei zeharkatzen digulakoan gaurkoan honetaz solastatu nahi dugu.

Diskurtsoa arront ongi barneratua dugun garai hauetan, ikaragarria da nola elikatzen den normatibitatea. Eta hori zer dugu? Nola eraman behar duzun ilea, nola beztitu beharra zaren, zer gustatu beharra zaitun, norekin ibili beharra zaren… eta aunitzek erranen duzue: «doike! ez zait batere inporta parekoaren gustua eta bizimodua, egin dezala nahi duena!», baina hau ez da aski. Kontu eman behar gara gure eguneroko praktikaz eta hizkuntzaz edo diskurtsoaz elikatzen dugula normatibitate hau; errate baterako, esperantzetan dagoen bati ume hori neska edo mutikoa den galdetuz, etxeko moñoña printzesari bizikleta arroxa erosiz, baloiarekin jostatzea nori dagokion erabakiz, bikote harremanak nolakoak izan behar diren helaraziz, halako arropa eta begarritekoak pertsona zehatzei jantziz… eta segi eta segi eta segi, normatibak ito arte.

Zenbat jarrerek elikatzen duten normatibitatea! Sortu aitzinetik hasten gara irakurketa normatibo honekin, eta pentsa ezazue noraino ailegatu daitekeen helduarora biztartean. Nola ezta bada sexiliatuko bat halako testuinguru batean ongi egoten uzten ez badiogu?

Zenbat lagun urte luzez lekutu dira, eta gaur den egunean, oraino lekutzen dira gune seguru baten bila. Denok dugu honen gaineko ardura; hortaz, hausnartzerat gonbidatzen zaituztegu, Baztan seguru eta anitz bat lortzeko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun