«Europako muga hiltzaileen aitzinean justizia» eskatzeko elkarretaratzea eginen dute bihar Oronoz-Mugairin

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 28a, 11:00
Elkarretaratzea Oronoz-Mugairiko gasolindegiaren ondoan eginen dute.

Melillan gertatutakoa eta «bertze hainbat sarraski» salatzeko elkarretaratzea antolatu dute eskualdeko hainbat herritarrek. Bihar, ekainaren 29a, 19:00etan Oronoz-Mugairiko gasolindegiaren ondoan eginen dute. Argi utzi nahi izan dute «migrazio politikak politika hiltzaileak direla» eta «ez direla heriotzak erailketak baizik». Hala, «Europako muga hiltzaileen aitzinean justizia» eskatu dute.

Joan den ortziralean gertatu zen Melillako ezbeharra. 2.000 lagun saiatu ziren Espainia eta Maroko arteko muga zeharkatzen, eta guttienez 37 hil dira. Marokok emandako datuen arabera, 23 migratzaile hil dira, baina Caminando Fronteras GKE gobernuz kanpoko erakundeak 37 migratzaile hil direla baieztatu du. Kopurua, ordea, ez da behin betikoa, handiagoa izan daitekeela adierazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun