Erdizko meategiaren proiektuaz

Magnaren UGEPa ez onartzeko eskatu dio Erdiz Bizirik plataformak Nafarroako Gobernuari

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 27a, 13:00

Proiektua udako oporren tenorean erregistratu nahi izatea leporatu diote enpresari, «alegazio epea oharkabean pasatu dadin»

Erdiz Bizirik plataformak azken prentsa oharrean adierazi duenez, «aste honetan jakin dugu Magnesitas de Navarrak Erdizen egin nahi duen Udalez Gaindiko Eragin Plan sektorialaren proiektua Nafarroako Gobernuan erregistratuko duela laster.  Bertze behin ere, udako oporren tenorea baliatu nahi dute beraien proiektua erregistratu eta alegazio epea oharkabean pasatu dadin».

Gainera, «herritarren erantzun ahalmena isilarazi» eta «ahalik eta alegazio gutxien izanen direla bermatu» nahi dutela salatu dute. «Ez gaitu inondik ere harritzen Magnak halako trikimailuak erabiltzea, azken finean, proiektu hau hasieratik gezurraren eta manipulazioaren bidez inposatu nahi baitigute baztandar guztioi».

Gauzak horrela, honako hau adierazi eta eskatu diote Nafarroako Gobernuari:

  • «Proiektu hau legez kontrakoa da eta ezin da onartu, Natura 2000 sarearen baitan dagoelakoz eta Zilbetiko epaiak argi erran zuen moduan eremuaren zati bat hondatu ezkero eremu babestu guztiari eragiten diolakoz».
  • «Proiektuak Baztango lurrei eraginen die bere osotasunean, hortaz baztandarroi dagokigu gure aldekotasuna edo kontrakotasuna adieraztea».
  • «Nafarroako Gobernuak ezin du proiektu hau UGEPS moduan tramitatu dadin onartu, gainerakoan inposaketa hutsa eta gure komunalen ebasgoa izanen baita».
  • «Magnak proiektua erregistratu eta tramitazioarekin aitzinera segitzen badu alegazioen epea luzatzeko eskatzen diogu Gobernuari, gainerakoan, beti bezala eguneroko lanetan eta baliabide eskasekin lan egiten dugun herritarrak izanen baikara kaltetuak».

Azkenik, herritarrei «erne egoteko» eskatu diete, «ondoko hilabeteak arras inportanteak izanen direlakoz eta orain delakoz mugitzeko tenorea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun