Baztanek jokatuko du Herriarteko Pilota Txapelketako maila absolutuko finala

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 27a, 14:00

Asteburuan jokatu dituzte Herriarteko Pilota Txapelketako maila absolutuko finalerdiak, eta Baztanek finalerako txartela eskuratu du Barañaini irabazita. Doneztebek, aldiz, Larraunen kontra galdu du eta ez da finalean ariko. 

Baztango pilotariak Barañaingoen kontra lehiatu ziren, eta hiru partidetan nagusitu ziren: kadeteetan, gazteetan eta seniorretan. 

Kadeteetan 22-1 nagusitu ziren Baztango Sagardia eta Apeztegia Barañaindarren kontra. Gazteetan ere erraz eskuratu zuten garaipena Baztango Iturraldek eta Ballarenak (22-6). Lehiatuagoa izan zen seniorren finala, baina, azkenean 22-15 irabazi zuten Oskozek eta Ariztegik. Hala, finalerako txartela lortu dute Baztandarrek. 

Lehiatuagoa izan zen Doneztebe eta Larraunen arteko norgehiagoka. Kadete mailan Larraungo pilotariak 22-19 nagusitu ziren Doneztebeko Agesta eta Barbarinen kontra. Gazteen mailan, aldiz, Doneztebeko Mikelarenak eta Illarregik 22-15 irabazi zuten Larraundarren kontra. Senior mailan erabaki zen finalista, eta Larraundarrak 22-8 nagusitu ziren Doneztebeko Barandiaran eta Agirreren kontra. 

Finala larunbat honetan, uztailaren 2an jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan. Lehenengo txikien mailako partidak jokatuko dituzte Berako eta Doneztebeko pilotariek. Ondotik, jokatuko dituzte maila absolutuko finalak Baztanek eta Larraunek. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun