BRT Menditarrak Sitgesen izan da errugbi txapelketa bat jokatzen hondartzan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 24a, 15:30
BRT Menditarrak Sitgeseko hondartzan. Argazkia: Jaume Andreu Photography

Denboraldia akitzeko Kataluniara bidaia egin dute eta hondartzan errugbian aritzeko aukera izan dute

Baztango Rugby Taldeak Sitgesera bidaiatu zuen joan den astean, Kataluniara, zazpiko errugbi txapelketa bat jokatzeko hondartzan. Denboraldi akaberako bidaia izan zen, klubeko gazte, senior eta beteranoek opor egun batzuk hartu zituzten eta errugbia bertze modu batez gozatzeko aukera izan zuten.

Kluba hiru taldetan banatu zuten; axuriak (gazteenak), zikiroak (seniorrak) eta ahariak (beteranoak). Klubak adierazi duenez, «txapelketaren hasieran hiru taldeei kosta egin zitzaien zelaian nagusitzea, arras ezaguna ez zen eremu batean jokatzen baitzuten; legarrean. Hala ere, pixkanaka, nafarrek egokitzen jakin zuten eta joko aldaketa bat egin zuten, finalerdietara talde batekin iristea lortuz».

Azken partida horretan, «BRTk kontrarioaren parean nagusitzea eta bere jokoa finalera pasatzeko aukera handiekin erakustea lortu zuen. Azkenean, partida arras estu zegoela zirudien arren, garaipena katalanentzat izan zen, entsegu baten aldeagatik. Finalera pasatu ez baziren eta txapelketa irabazi ez bazuten ere, kluba arras kontent dago bidaia zoragarri honekin. Izan ere, lehen aldiz jokatu dute legarrean, talde berrien aurka jokatu dute eta jende berria eta esperientzia berriak ezagutu dituzte. Horregatik, hemendik eskerrak eman nahi dizkiogu Iñaki Ezkurra entrenatzaileari bidaia zoragarri honengatik. Mila Esker Piku!».

Txapelketako argazkiak eskuragarri daude Jaume Andreu argazkilariaren Facebook-eko orrian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun