Elizondon jokatuko dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehenengo finalaurrekoa

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 22a, 18:30

Euskal Herriko Bertsozale elkarteko kideak gaurko aurkezpenean.

Gaur aurkeztu dute Bilbon  18. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an hasiko da Getxon, eta abenduaren 18an Iruñean bukatuko da. Tartean, eskualdean saio bakarra izanen da: Elizondon jokatuko dute lehenengo finalaurrekoa urriaren 22an. 

Elizondon jokatuko den saioaz harago, bertze leku hauetan izango dira gainerakoak: Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean. 

Sei saio izango dira lehen fasean: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.

Txapelketa sistema

Aitzineko urteetako sailkapen sistema bera izango du txapelketak. 36 bertsolari hasiko dira kantuan  lehen fasean, eta puntuazio altuena duten 19 pasatuko dira hurrengora. Finalaurrekoetan hasiko dira kantuan, aldiz, 2017ko finalean kantatu eta aurtengorako izena eman dutenak. Bi itzuli izango ditu finalaurrekoen fase horrek, 24 bertsolarik kantatuko dute lehenengoan, eta puntuazio altuena lortzen duten hemezortzi bertsolariak bigarrenean. Bi itzuli horietan lortutako puntuen arabera erabakiko da zer zortzikote ariko den finalean Maialen Lujanbio egungo txapeldunarekin batera bertsotan.

Eskualdeko parte hartzaileak

Modu batera edo bertzera, denera 71 pertsonek hartuko dute parte txapelketan. Horien artean, sei dira eskualdekoak: Joanes Illarregi eta Xabier Silveira bertsolariak, Ainhoa Larretxea, Alaitz Rekondo eta Maialen Belarra gai jartzaileak, eta Saioa Mitxelena epailea. 

Sarrerak bihartik aitzinera

Bihar 09:00etatik aitzinera egonen dira salgai  txapelketako saio guztietarako sarrera guztiak www.bertsosarrerak.eus helbidean. Gainera, bihartik hasi eta ekainaren 30eta arte,  Nafarroako Bertsozale Elkartearen egoitzan finalerako sarrerak saltzeko leihatila zerbitzua eskainiko da, 10:00-14:00 eta 16:00-18:00 bitarte.  Halaber, egun horietan finalerako sarrera bermatuta izango dute Bertsozale Elkarteko bazkideek.

Txapelketaren inguruko informazio guztia eskuragarri dago esteka honetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun