Lixura Baztan udal enpresak garbitzaile lanpostuak betetzeko deialdia egin du

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 20a, 12:30

Deialdian parte hartzeko epea ekainaren 28an hetsiko da

Baztango Udalaren jabetzako Lixura Baztan SL udal merkataritza-sozietatean sortzen diren beharrizanei aurre egiteko, garbitzaileen lan-poltsa eratuko du udalak hautaproben bidez. Hautaketatik ateratako gaindituen zerrenda kontratazio eta ordezkapenetarako erabiliko da.

Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Baztango Udaleko Erregistro Orokorrean aurkezten ahalko dira ekainaren 28ra arte. Aurkezteko, bertzeak bertze, Espainiako nazionalitatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa beharko da, hamasei urte baino gehiago eta nahitaezko erretiroa hartzeko adina baino guttiago izan beharko da eta DBHko titulua, Lanbide Heziketakoa edo baliokidea beharko da. Gainera, eginkizunak betetzeko gaitasun fisiko eta psikikoa eta EGA titulua ere eskatzen dituzte.

Hautaketa prozesuan proba teorikoa eginen da eta puntuazioaren arabera osatuko da zerrenda. Kalifikazio epai-mahaia Joseba Otondo alkateak, Xabi Maiak, Joseba Morenok eta Mirentxu Erkizia langileen koordinatzaileak osatuko dute.

Deialdiaren oinarri eta baldintza guztiak ikusteko eta eskabidearen inprimakia lortzeko egin klik hemen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun