Amaiurrek 1522ko batailaren 500. urteurrena eta gazteluaren erresistentzia gogoratzeko bi ekitaldi nagusiak aurkeztu ditu

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 17a, 14:00

'Aurkituko gaituzuenoi' ikuskizuna zuzenduko duen Jon Maia, Amaiurko alkate Isabel Aleman eta Baztango alkate Joseba Otondo, aurkezpenean.

Uztailaren 16an inoizko ezpata-dantzari topaketarik handiena eginen dute eta abuztuaren 6an, ‘Aurkituko gaituzuenoi’ ikuskizuna, Jon Maiaren eskutik

Amaiurrek bere historiako urtemugarik garrantzitsuena ospatuko du 2022an: bere gazteluak Nafarroako erresumaren konkistaren eta ondorengo gazteluaren suntsipenaren aurrean izandako erresistentziaren 500. urteurrena. Amaiur izan zen egungo foru erkidegoko lurraldean konkistari aurre egin zion eta Nafarroako errege legitimoei leial izan zitzaien azken gaztelua. Amaiurko gazteluko harresien gibelean iraun zuten dozenaka nafarren errendizioa 1522ko uztailaren 19an gertatu zen, baina ekitaldi horren bostehungarren urteurrenaren oroitzapena uztailaren 16rako, larunbata, antolatu da, Baztandarren Biltzarraren bezperarako.

Inoizko ezpata dantzari kopururik handiena uztailaren 16an

Amaiurrek ekitaldi nagusi bat antolatu du egun horretarako, erakundeetako ordezkariak eta inoiz egin den ezpata dantzari konpainien kontzentrazio handiena bilduko dituena. Uztailaren 16an, larunbata, 11:00etatik aitzinera, Baztango Baztandarrak, Iruñeko Duguna eta Amaiur, Iurretako ezpata dantzariak, Beasaingo Aurtzaka, Tolosako Udaberri, Gasteizko Jare, Donibane Lohizuneko Begiraleak, Baigorriko Arrola eta Zuberoako Dantzariak taldeek desfilatu eta joko dute herriko parrokiatik gaztelura doan bidean. Hori guztia kanpai-hotsekin eta txistulari eta gaitari taldeekin batera.

Gogoratu behar da 400. urteurrena zela eta, 1922an egungo monolitoa eraiki zela Nafarroako erresuma defendatu eta konkistari aurre egin zioten nafar haien omenez. Bortzehungarren urteurrenerako antolatutako ekitaldiak duela ehun urte egindakoa gogoratuko du, eta lore-eskaintza eginen dute monolitoan, baita Amaiurko alkate Ixabel Alemanek manifestu bat irakurriko ere. Segidan, segizioak bere dantza tradizionalak eginen ditu herriko karrika nagusian, herriko plazan akituz, non larrain-dantza eta mutil-dantzak dantzatuko diren. Ondotik, bazkari herrikoi handi bat antolatu da, musika emanaldiekin, www.amaiur.eus webgunearen bitartez eros daitezke txartelak.

Abuztuaren 6an, ‘Aurkituko gaituzuenoi’ ikuskizuna Jon Maiaren eskutik

Gazteluaren suntsipenaren bosgarren mendeurrenaren harira, Abuztuaren 6an, larunbata, 21:30ean ospatuko da mendeurreneko ikuskizun nagusia Amaiurren, gaztelua zegoen tontorraren magalean. Ikuskizunaren izena Aurkituko gaituzuenoi izanen da eta Jon Maia bertsolaria da zuzendaria.

Ikuskizunaren izenak etorkizuneko biztanleei egiten die aipamena eta ikuspegi horrekin atzoko, gaurko eta biharko Euskal Herria barne hartzen dituen kontakizun artistikoa eskainiko du hainbat kultur eremuetako artisten parte hartzearekin. Emanaldi bakarra izanen da eta sarrerak aldez aurretik erosi ahal izateko www.amaiur.eus webgunean egonen dira salgai gaurdanik.

Erakusketa artistikoa uztailaren 8tik urriaren 12ra Arizkunenean

Bi ekitaldi nagusi horiez gain, Amaiurko herria, Baztango Udalarekin eta Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuarekin elkarlanean, hainbat kultur jarduera antolatzen ari da urtean zehar, hala nola liburuak eta komikiak argitaratzea eta erakusketa artistiko bat, uztailaren 8an Elizondoko Arizkunenea jauregian inauguratuko dena eta urriaren 12ra arte egonen dena. Era berean, Amaiurko arkeologia museoa, gazteluan aurkitutako altxor historikoak erakusten dituena, udako egun guztietan egonen da zabalik.

Bi ekitaldien kartelak Mälmo Estudioko Juan Angel Perotxena Urangak egin ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun