Mutil dantza «baztertzailerik» ez duela onartuko nabarmendu du Plazara Dantzara taldeak

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 16a, 16:00

Herriko besten atarian, Plazara Dantza taldeak oharra kaleratu du, mutil dantza «baztertzaileen» kontra. 

Oharrean azaldu dutenez, azken hondar urteetan «dantza parekidea eta librea» paratu dituzte erdigunean eta lortu ere lortu dutela azaldu dute «azken urteetan ez delakoz mutil dantza baztertzailerik programatu herriko bestetan». 

Baztango Mutil-dantzariak taldeak, ordea, «dantza baztertzailearen» saio batzuk kontra-programatu dituela salatu dute: «2019an dantza hartan sartzea erabaki genuen, eta emakumeak onartzen ez dituen gizon taldeak gurekin dantzan segitu zuen. Kontra-programazio hauek urteetan Baztango emakumeak sufritutako bazterketaren azkenengo erakusle dira. Bazterketa betikotzeko azkenengo saiakera, plaza parekidea ez onartzeko azkenengo temazukeria». 

Horren aitzinean herritar guztiak herriko plazetara gonbidatzen jarraituko dutela nabarmendu dute, eta mezu argia luzatu dute:  «Guk feminismoan lanean segitzen dugu, eta gero eta argiago dugu ez dugula bazterketa bakar ere onartuko denendako diren bestetan, ez bertze inon ere. Iruritako eta Berroetako bestetan gozatu dugun bezala, goza dezagun gure kulturaren parte diren mutil dantzetan plaza guztietan». 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun