Giro ederrean ospatu dute Amaiurko Sokatira Torneoa asteburuan

Ttipi-Ttapa 2022ko eka. 14a, 11:30

Euskal Herriko bederatzi taldek parte hartu zuten txapelketan eta ondotik afaria eta kontzertuak izan zituzten. Argazkiak: Albaro Soule eta AST. Testua: Ane Goienetxe

Amaiurko Sokatira Taldeak antolatutako sokatira torneoa egin zen larunbatean Amaiurren. Egun arras polita izan zen. Lehenik, 14:00etan Euskal Herriko talde guztiak, Abadiño, Ibarra, Badaiotz, Ñapurrak, Antsoain, Txantrea, Berriozar, Beti Gazte eta Amaiur, elkartu eta taldeen pisaketa egin genuen. Gero, 15:15 aldera, gaiteroek alaiturik gaztelura kalejira egin genuen talde guztiek bertan argazki bat ateratzeko.

Ondotik, frontoira jaitsi eta torneoari hasiera eman genion. Erran beharra dago momentu batzuetan euriaren beldurra izan genuela baina eguraldiak lagundu eta bukaera arte ez zuen euririk egin, eskerrak! Arratsalde ederra izan zen, guztiok elkarrekin gozatu eta publiko ederra izan genuen zintzurrak berotu eta taldeak animatzen. Eskualdeko Beti Gazte izan zen torneoaren garaile eta etxeko taldea, Amaiur, hirugarren gelditu zen Gipuzkoako Ibarra bigarren izanik. Arras kontent gaude etxean lortutako giro eta emaitza ederrarengatik. Talde bakoitzari sari bat eman zitzaion parte hartzegatik eta txapeldunei Amaiurko zapiak eman zitzaizkien.

Eguna modu goxoan akitzeko, herriko frontoian afaria egin genuen talde guztiek eta baita herriko nahiz bailarako jendearekin ere, guztira 380 pertsona inguru elkartuz. Azkenik, herriko plazan Unidad Alavesa, Los Zopilotes Txirriaus eta DJ Bull izan genituen. Giro ederra izan genuen eta uste baino jende gehiago hurbildu zen sokatira laguntzera, herriko plaza gainezka, aspaldiko urteetan ikusi ez dena. Beraz, mila esker larunbatean herrian ibilitako jende guztiari!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun